'Kolapsoa' antzerkia taularatuko dute hilaren 17an Herriko Antzokian

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko apirilaren 8a

Jon Ander Urrestiren Kolapsoa antzerkia aurkeztuko dute hilaren 17an Herriko Antzokian, 19:00etan. Sarrerak salgai daude dagoeneko. 

Publizitate agentzia bateko hiru kideen ibilerak ditu ardatz obrak. "Edozer saltzeko kapaz dira, baita behar ez duzuna ere. Batik bat, behar ez duzuna saltzen dute. Despistatu, eta bi buruko koilara bat salduko dizute, azkarrago bazkalduko duzula esanda. Edo ohe birakari bat, gauero estresa zentrifugatuko dizuna. Edozer. Txakurrentzako katiuskak eta arbolentzako aterkiak. Jendea Arabako Errioxan ardo urdina eskatzera iritsi zen haien kanpaina baten ondotik. Azken orduko eskaera batek, ordea, hankaz gora jarriko du agentzia. Gauza bakar bat saltzea lortu behar dute: gehiago ez erosteko gogoa". Maite Mugerza, Txubio Fernandez de Jauregi eta Jon Ander Urresti izango dira protagonistak, eta obraren soinu-banda egin dutenetako bat Iban Urizar Amorante elgoibartarra da.

Sarrerak Herriko Antzokiaren webgunean eros daitezke aurrez, eta, online agortzen ez badira, txarteldegian bertan ere egongo dira salgai, antzerkia hasi aurretik.