Morkaiko mendizale elkarteak, Elgoibarko Baso Biziak-ek eta Atxutxiamaikak elkarlanean osatzen dute Gure Natura Ezagutuz egitasmoa, eta horren barruan gure inguruko natura ezagutzeko hainbat ekimen antolatzen dituzte. Oraingoan, Deba aldera joango dira, Arbileko kobazuloa bisitatzera.
Irteeran parte hartzeko ez da izenik eman behar. 9:30ean batuko dira Mintxetako aparkalekuan eta autoz abiatuko dira denak batera Lastur aldera. Ibilbidearen abiapuntua 10:00etan izango da Lasturren, beraz, nahi duenak zuzenean hara joateko aukera ere badauka.
Arbileko kobara joateko, Lasturretik Debarantz doan kanaleko ibilbidea hartuko dute. Joan eta etorri bide beretik egingo dute. Antolatzaileek esan dutenez bidea ez da batere zaila eta paraje geologiko paregabeaz gozatzeko aukera ematen du. Behin Arbilera iritsita, kobara bisita motz bat egingo dute, eta han Leizarpe espeleologia taldeko kideak ere izango dituzte bidelagun, kobazuloari eta inguruko geologiari buruzko azalpenak emateko.
Kobara sartzeko derrigorrezkoa da mendiko botak, kaskoa eta kopeta-argia eramatea.