Argizaiola Trofeoari buruzko erakusketa zabalduko dute hilaren 10ean

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko apirilaren 5a

Argazki leihaketen leihaketa da Argizaiola Trofeoa nolabait esateko, eta 1980tik 2025erako ibilbidea jarriko dute ikusgai Kultur Etxean, apirilaren 10etik 24ra.  

Argizaiola Trofeoa, 1980-2025 erakusketa prestatu du Euskal Herriko Argazkilari Elkarteen Federazioak (EHATE), eta Ongarri argazkilari taldearekin elkarlanean, Elgoibarren jarriko dute ikusgai. Kultur Etxean egongo da, hilaren 10etik 24ra, eta astelehenetik zapatura bisitatu ahalko da, 18:30etik 20:30era. 

Argizaiola Trofeoa Euskadin dagoen argazki-lehiaketen lehiaketa bakarra da, eta ziurrenik bakarra Europan. Bertan, elkarte federatuek antolatutako lehiaketetan saritutako lanek parte hartzen dute, eta, ondorioz, Argizaiola Euskal Herriko argazki-sari gorena da. 

Erakusketa-proiektuaren helburua ondare hori babestea, zabaltzea eta balioestea da, 1980tik 2025era Argizaiola Saria irabazi zuten argazkiak lehen aldiz erakusketa berean bilduz. Era berean, erakusketa honek euskal argazkilarien ibilbidea, sormena eta talentua omentzen ditu. 

Erakusketaren edukia eta egitura bost denbora-etapatan antolatu dute, Euskal Herriko argazkigintzaren bilakaera teknikoa, estetikoa eta tematikoa islatzeko:

  • 1. 1980 – 1989: Argizaiolaren jatorria eta begirada dokumentala.
  • 2. 1990 – 1999: Sendotze artistikoa eta kolorearen hedapena.
  • 3. 2000 – 2009: Argazkigintza digitalaren etorrera.
  • 4. 2010 – 2019: Sormen-aniztasuna eta narratiba berriak.
  • 5. 2020 – 2025: Argazkigintza garaikidea eta egungo erronkak.