Amaitu dituzte Sigman 56 etxebizitza birgaitzeko lanak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko martxoaren 31

Eulogio Estarta (Sigma) auzoko zazpi bloketan -56 etxebizitza- irisgarritasuna, erosotasuna eta energia-eraginkortasuna hobetzeko birgaitze integrala egin dute.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak eraikin birgaituak nola geratu diren ikusteko bisita egin zuten ostiralean, eta eginiko lanak ezagutzera emateko agerraldia ere egin zuten. Aurrez, martxoaren 13an, erakundeetako ordezkariak eta teknikariak auzotarrekin bildu ziren birgaitze lanen amaiera elkarrekin ospatzeko. 

Bisitan beste hainbat ordezkarik ere hartu zuten parte, besteak beste, Juan Carlos Abascal Lurralde Plangintzako eta Hiri Agendako sailburuordeak, Ana Telleria Auzoak Berroneratzeko eta Hiri Agendako zuzendariak, udal-ordezkariek, Debegesako arduradunak eta Arkhiru Arkitektoak arkitektura enpresako ordezkariakk.

4,1 milioi euroko inbertsioa

Sigmako 56 etxebizitzatan egin duten jarduketa honek 4.141.457,93 euroko inbertsioa izan duela gogora ekarri zuen Denis Itsasok ostiraleko agerraldian. Eusko Jaurlaritzak finantzatu du zatirik handiena —3.094.758,70 euro—, Elgoibarko Udalak 306.510,53 euroko ekarpena egin du eta etxejabeen komunitateek 740.188,70 euro ipini dituzte. Proiektua hiri-berroneratze integraleko estrategia baten barruan kokatzen da, eta uztartu egiten ditu eraikinen birgaitzea, ingurunearen berrurbanizazioa, herritarrentzako arreta soziala eta teknikoa, digitalizazioa eta hiri-paisaiaren arloko jarduketak. Eusko Jaurlaritza hemeretzi euskal udalerritan ari da lanean une honetan, kalteberatasun egoeran dauden 23 auzo hobetzeko helburuarekin, eta horietako bat da Sigma. Lanotarako 160 milioi euroko aurrekontua bideratu du Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak. Horietatik 130 funts propioak dira, eta gainerako 30 milioiak EBko Next Generation funtsetatik datoz.

Itxaso: “Auzoa ez ezik, herria ere egin dugu”

Bisitan, Denis Itxaso sailburuak esku-hartzearen eragina nabarmendu zuen: “Elgoibarko sarreran bertan kokatutako jarduera honek lagundu egin du, bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeaz gain —gaur egun eraikin irisgarriak eta erosotasun-maila askoz handiagoko etxebizitzak dituzte eta—, udalerriaren irudia eraldatzen. Lehen, Elgoibar zeharkatzen zutenek auzo hondatu bat ikusten zuten; gaur egun, ingurune moderno bat hautematen dute. Auzoa ez ezik, herria ere egin dugu”.

Birgaitze integralaren xehetasunak

Eraikinen birgaitzeari buruzko xehetasunak eman zituzten agerraldian. Jarduketa nagusia eraikinen birgaitze sakona izan dela azaldu zuten, irisgarritasun unibertsala bermatzeko eta energia-efizientzia hobetzeko helburuarekin. Igogailuak jarri dituzte atari guztietan, eta, etxebizitzetarako ez ezik, espazio batzuetarako sarbidea ere ahalbidetu dute, hala nola elkarte gastronomikorako eta erdisotoetan dauden aldageletarako. Era berean, diseinu berriarekin berritu dituzte eskailerak, eta lehen baino "funtzionalagoak" dira orain.

Hasierako planteamenduak bederatzi komunitatetan esku hartzea aurreikusten zuen arren (Eulogio Estarta 1etik 9ra), azkenean zazpik egin dute bat proiektuarekin —1, 2, 3, 4, 5, 6 eta 9 atariak—. Horri esker, 56 etxebizitzatan jardun ahal izan dute, atari bakoitzeko zortzitan. 7 eta 8 blokeak kanpoan geratu ziren beren komunitatearen erabakiz. Gainera, proiektuak "osagai sozial garrantzitsua" txertatu du: 268.000 euro bideratu dituzte 25 etxebizitzentzako laguntza gehigarrietara, kalteberatasun-irizpideei erreparatuz.

Energiaren arloan, inguratzaile termiko osoan esku hartu dute: fatxadak 10 zentimetroko kanpo-isolamendu termikoko sistemen bidez isolatu dituzte, estalkiekin eta forjaketekin egin duten moduan.  Arotzeria eta galdara zaharrak kendu eta efizientzia handiagoko sistemak dituztenak ipini dituzte. "Neurri horiei esker, nabarmen murriztu da eraikinen energia-kontsumoa. Gainera, zubi termikoak ezabatu dira balkoiak eta forjatuak tratatuta, patio eta eroanbideetan amiantoa zuten elementuak kendu dira eta fatxadetan zeuden patologiak zuzendu dira".

Azaldu zutenez, bizilagunek gehien baloratu duten aldaketetako bat bizigarritasuna hobetzea izan da: metro bateko balkoi zaharrei metro erdi gaineratu diete eta, balkoirik ez zegoen kasuetan, dimentsio bereko espazio berriak sortu dituzte. Beheko solairuetan beira-itxiturak sortu dituzte, segurtasuna hobetzeko. Gaur egun, fase honetan sartutako zazpi eraikinak erabat birgaituta daude. 

Proiektuak hiri-ingurunearen irisgarritasuna hobetzera eta igogailuak instala daitezen erraztera bideratutako berrurbanizazio-jarduketak ere jaso ditu, lehen airetik igarotzen ziren azpiegiturak lurperatzeko jarduketaz gain. Esku-hartze horiek 630.847,62 euroko ordainketa ekarri dute (Eusko Jaurlaritzaren 394.337,09 eurokoa eta Udalaren 236.510,53 eurokoa), eta hiri-paisaiaren kalitatea nabarmen hobetzea, batez ere eraikinetara sartzeko espazioetan eta auzoaren pertzepzioan Elgoibarrerako sarbide nagusitik.

Aldi berean, monitorizazio energetikoko sistema bat ipini dute sei etxebizitzatan. Sistema horrek aukera emango die hiru urtez haien portaeraren jarraipena egiteko eta datuak aztertzeko. 9.610,35 euro bidera dituzte zeregin horretara. Era berean, auzoko gizarte-ekipamenduan —eskola zaharretan— 30.000 euroko esku-hartzeak egin dituzte, energia-efizientzia hobetzeko, hiri-berroneratzeari lotutako enplegu-programa baten esparruan.

Opengelen garrantzia

Agintarien esanetan, proiektuaren funtsezko elementu bat Kudeaketa eta Hurbiltasun Bulego Teknikoa (Opengela) izan da. Auzoko eskola zaharretan dago Sigmakoa, eta 2023ko martxotik ematen du zerbitzua. Jaurlaritzak 142.210,82 euro ipini zituen Debegesak kudeatutako espazio hori martxan jartzeko, eta arreta pertsonalizatua eskaini du astean bi egunetan. Gainera, laguntza integrala eman die bizilagunei birgaitze-prozesu osoan, alderdi administratiboak, teknikoak, juridikoak eta finantzarioak barne hartuta. Oraingoz, Opengelak irekita jarraituko du ostegunetan, 12:30etik 16:00etara. Era berean, Elgoibarren, Eibarren, Ermuan eta Soraluzen Debabarreneko LJE (Lehentasunezko Jarduera Eremua) proiektuak ere aktibatu dituzte. 

Eragin soziala

Proiektuak eskualdeko enplegu-plan bat ere barne hartu du, ‘Debabarrena berritzen’, eta haren bidez kalteberatasun-egoeran dauden 24 gazte prestatu dituzte birgaitze-tekniketan, hala nola kanpo-isolamendu termikoko sistemetan edo estaldura arinetan. Behin trebatuta, auzoko eraikinak birgaitzeko egin dituzten zenbait lanetan parte hartu dute. Etxebizitzetan hezetasun-arazoak desagertzea izan da aldaketa nabarietako bat: "lehen usaina sumatzen zen lekuetan, gaur egun erabat desagertu da".

Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak azpimarratu du Sigmako etxebizitzen birgaitzea instituzioen, eskualdeko eragileen eta bizilagunen beraien arteko lankidetza eredugarriaren emaitza dela. Eta nabarmendu du lankidetza estu horri esker konplexutasun handiko esku-hartze bati ekin ahal izan zaiola, eta alderdi bakoitzak zeregin erabakigarria izan duen proiektu kolektibo bihurtu dela.

Azpimarratu duenez, “koordinazio horrek erakusten du hiri-berroneratzea ez dela soilik gai tekniko bat, baizik eta kohesioa indartzen eta bizi-kalitatea hobetzen duen gizarte-prozesu bat ere”. Alkateak nabarmendu du “elkarrekin lan egitea funtsezkoa dela udalerri jasangarriago, irisgarriago eta duinago baterantz aurrera egiteko, inor atzean geratuko ez den udalerri baterantz”.

Auzoaren jatorria

Sigmako etxe multzo hau 60ko hamarkadan sustatu zuen Sigma enpresak bere langileei ostatu emateko, eta 19 eraikinetan banatutako 152 etxebizitzako auzo bat sortu zuen, eliza, frontoia eta eskola zaharrak bezalako ekipamenduekin.

Irudiak: BARRENA eta Eusko Jaurlaritza.