Carlos Fernandez zenaren lanak jarriko dituzte ikusgai hilaren 7an, Kultur Kafean

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko apirilaren 4a

Carlos Fernandez zenak gurutze puntuan eginiko lanak jarriko dituzte ikusgai apirilaren 7tik 26ra Kultur Kafean, 

Duela bi urte hil zen Carlos Fernandez, baina urte asko eman zituen gaixorik. 60 bat urte zituela laga zuen lana gaixotasunaren ondorioz, eta denbora librea betetzeko zaletasun bila hasi zen. Mari Picón emazteak gurutze puntuan hasitako koadro bat zeukan, eta Carlosek eman zion amaiera lan hari. Uste baino gehiago gustatu zitzaion teknika hura, eta handik aurrera koadroak egiteari ekin zion. Teknika honi esker josten ikasi zuen Carlosek, eta Marik zeukan arropa dendan ere laguntzen zion jantziak konpontzen. 

Koadro asko egin zituen, eta horietako asko senide eta lagunei oparitu zizkien. Hala ere, Mari Piconek lan asko zituen etxean gordeta, eta horiek erakustea erabaki du orain, senarra zuenari omenaldi moduko bat egiteko. 

20 bat lan jarriko ditu ikusgai Kultur Kafean. Lan guztiak bereziak dira berarentzat, baina bereziki bat goraipatu du, Carlos zenaren ama ageri dena: "Hori da guretzako lanik kuttunena, eta Carlosentzat ere halaxe zen. Irudian ageri den modukoa zen ama, horrela gogoratzen dugu. Galizian, ardiak zaintzen egoten zen". 

Apirilaren 7an zabalduko dute erakusketa, hain justu ere duela bi urte Carlos hil zen egunean: "Hasieran ez nintzen konturatu justu egun hori zela", esan du Marik, hunkituta. "Horrek are politagoa egiten du erakusketa niretzat". 

Taberna zabalik dagoen ordutegian egongo da koadroak ikusteko aukera. Koadroez gain, Carlosek apaindutako mantel eta aho-zapi batzuk ere egongo dira ikusgai.