Maider Lizundia Alberdi elgoibartarra izan da Barrenak zozkatu dituen bi Gourmet menuen irabazlea. Apirilaren 10etik 30era bitartean eskualdeko zazpi jatetxek eskainiko diuzten menu berezietako bat dastatzeko aukera izango du.
Erreserbak egiteko aukera zabalik
Debabarrena Gourmet ekimen gastronomikoaren hirugarren edizioa apirilaren 10ean abiatuko da eta apirilaren 30era arte, eskualdeko zazpi jatetxek gourmet dastatze-menuak eskainiko dituzte, 65 euroren truke. Ondorengoak dira zazpi jatetxeak: Eibarko Baratze Gourmet, Elgoibarko Belaustegi, Debako Hiru Bistro eta Urgain, Mutrikuko Pikua, Mallabiko Trabakua Behekoa eta Itziarko Salegi dira aurtengo egitasmoan parte hartuko duten jatetxeak.
Zazpi partaide dira guztira, eta zazpi dira, halaber, menu bakoitzean eskainiko dituzten platerak: aperitiboa, hasierako bi plater, bi plater nagusi –arraina eta haragia– eta bi postre, hain zuzen. Ogia, kafea eta edaria ere sartzen dira menuan, eta aurten Arabako Errioxako Valdelana Upategiaren Eder de Valdelana ardo zuria eta gorria izango dira aukeran.
Proposamen guztiak debabarrenaturismo.com webgunean daude ikusgai. Otorduez gozatu nahi dutenek jatetxera bertara aurrez deituz egin beharko dute erreserba, Debabarrena Gourmet menua dastatu nahi dutela jakinaraziz. Erreserbak egiteko epea zabalik dago dagoeneko.
Jatetxe bakoitzak bere menua diseinatu du dagoeneko, eta oraintsu aurkeztu dute eskaintza osoa. Ireki dute, gainera, erreserbak egiteko epea.