Udaldirako izena emateko epea zabaldu dute Atxutxiamaikak eta Udal Ludotekak

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko apirilaren 17a

Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika aisialdi taldeak eta Udal Ludotekak prest dute udaldirako programazioa, eta gaur zabaldu dute ekintzetan izena emateko epea.

 Maiatzaren 6ra arte dago izena emateko aukera. Eskaintza hauen informazio zehatza atxutxiamaika.eus eta elgoibar.eus webguneetan aurkituko duzue. 

Atxutxiamaikak, HHkoentzat

Atxutxiamaikak HH2tik HH5era artekoentzako txokoak eskainiko ditu astelehenetik barikura, goizez, 9:30etik 13:00etara. Bi txanda jarri dituzte aukeran: lehenengoa ekainaren 22tik uztailaren 3ra; eta bigarrena, uztailaren 6tik 17ra. Nahi izanez gero, bi txandetan izena emateko aukera ere badago. Txanda bakoitzaren prezioa 88 eurokoa da (Elgoibarko Izarrako bazkideek, 79 euro), eta bi txanden prezioa 166 eurokoa da (bazkideek, 150 euro). 

Izena emateko bi aukera daude: online, atxutxiamaika.eus webgunearen bitartez, eta aurrez aurre, Elgoibarko Izarrak Aita Agirre 3an daukan bulegoan. Maiatzaren 6ra arte dago izena emateko aukera, eta plazak hilaren 8an esleituko dituzte. 

Ludotekaren eskaintza 

Udal Ludotekak LH1etik LH6ra artekoentzako eskaintza prestatu du. LH1etik LH3ko umeentzat udaleku irekiak izango dira, ekainaren 22tik uztailaren 17ra. Igerilekura eta hondartzara irteerak, tailerrak, jolasak eta egun pasak egingo dituzte. LH4 eta LH5eko haurrentzat ekintza bereziak antolatu dituzte, besteak beste, Debako hondartzara eta Mutrikura irteerak, surf ikastaroa Zarautzen, Santa Klara uhartera bisita, paddle surf Zumaian eta udari agurra. Azkenik, LH6koentzat egonaldia antolatu dute, ekainaren 19tik 21era, Orioko Txurruka aterpetxean.

Udalak dirulaguntzak emango dizkie beharra duten familiei, eta horiek eskatzeko epea maiatzaren 11tik ekainaren 11ra izango da. Informazio gehiago Herritarren Arreta Bulegoan.