Mintxetako gimnasioa handitzeko lanak lizitaziora atera ditu Udalak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko apirilaren 15a

Proiektuak aurreikusten du Mintxetako gimnasioa handitzea (166 metro koadro handiagoa) eta birgaitzea. Indarra lantzeko gune berri bat izango da berritasun nagusia.

Elgoibarko Udalak 250.180,69 euroren truke (BEZ barne) atera ditu lizitazio publikora Mintxetako gimnasioa handitu eta birgaitzeko lanak. Proposamenak aurkezteko azken eguna 2026ko apirilaren 22a izango da, eta behin lanak esleitutakoan bi hilabeteko epean gauzatu beharko ditu lizitazioa eskuratzen duen enpresak.

Danobaten diru laguntza

Udalak eta Danobat enpresak finantzatuko dute obra erdibana, kooperatibak 125.000 euroko ekarpena egin baitu. Udaletik adierazi dutenez, erabiltzaileei instalazio egokiagoak eta modernoagoak eskaintzeko helburuarekin handituko dute Mintxetako gimnasioa. Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak adierazi duenez, herritar askok erabiltzen dute egunero Mintxetako gimnasioa eta jarduketa hau Danobaten laguntza ekonomikoari esker gauzatu ahal izango dute. "Udalaren eta tokiko enpresen arteko lankidetzak aukera ematen digu herritarrentzat garrantzitsuak diren proiektuak aurrera eramateko eta udalerriko ekipamenduak hobetzeko”, esan du. 

Espazio berrien ezaugarriak

Gimnasioa handitzeko proiektuak egungo gimnasioa birgaitzea eta handitzea planteatzen du. Gimnasioak 268 metro koadroko azalera du guztira, harmailen azpian eraikitako espazioak dituen hamasei horma-arteetatik sei hartzen ditu eta bi eremutan banatuta dago: makinentzako gunea (174 m2) eta kardio gunea (94 m2). Eraiki asmo dituzten espazio berriak sarreratik ezkerrera dauden guneetatik irabaziko dituzte, egun aerobic-gela dagoen gela (106m2) eta beste hiru espazio txiki -biltegirako eta mantentze-tailerrerako- birgaituta. Guztira, zabaltze-eremuak 166 metro koadriko azalera du (trenkada barne). Proiektuan jasota dagoenez, esku-hartzearen oinarria da ahal den neurrian egungo gimnasioari dagokion eremuko instalazioak mantentzea eta gehitutako azalera handitzea, akaberak modernizatzeko zein berritzeko aprobetxatuz. Horretarako, trenkada eta sabai aizunak eraisteko lan txikiak proiektatu dituzte, proiektatutako zabalkunderako eta espazioak integratzeko beharrezkoak direnak.

Genero-ikuspegia txertatzeari arreta berezia

Era berean, espazioaren estetika eguneratzeko eta erosotasunari eta segurtasunari dagokienez hobekuntzak sartzeko esku-hartzeak egitea ere aurreikusten dute, instalazioen diseinuan genero-ikuspegia txertatzeari arreta berezia eskainiz. Alde horretatik, honako neurri hauetan oinarritu da proiektua:
Ikusmen-oztopoak kentzea, ikuspen ona duten eta segurtasun-pertzepzioa hobetzen duten eremu irekiak diseinatuz. Alde batetik, muskulazioo-gelaren eta kardio-gelaren artean dagoen trenkadaren zati bat eraitsiko dute. Bestalde, komunetara irteteko ate berriak beiratea izango du, gimnasioaren barrualdearen eta kanpoaldearen arteko ikuspena bermatzeko. Ildo horretan, leiho bat irekiko dute kardio-eremuaren atzean (emakumeek gaur egungo instalazioetan gehien erabiltzen duten gunea), eta tabernaren eremutik ikusiko da gela hori. Halaber, gela horretan (sarreratik urrunen dagoena) izuaren aurkako botoi bat jarriko dute, espazio seguru bat ziurtatzeko. Neurri hori segurtasun-protokoloen parte da. Gainera, gimnasioak hiru irteera izango ditu, gaur egun duen irteera bakarra beharrean.

Espazioak antolatzean, erdiko guneko instalazioetarako sarbideari eustea erabaki dute, eta, horrela, indar-eremua (normalean, gizonek gehien erabiltzen dutena) makina- eta kardio-eremuetatik (emakumeek gehien erabiltzen dutena) bereiztea. Argiztapena ere hobetuko dute, funtsezko tresna baita segurtasuna bermatzeko. Neurri guztiok helburu bakarra dutela azaldu dute: Gimnasioko espazioetatik ibiltzean emakumeen konfiantza sustatzea.

Lanen kontratazioari buruzko informazio guztia Elgoibarko Udalaren webgunean dago eskuragarri, Kontratatzailearen Profilean, eta bertan kontsulta daitezke baldintzak eta aurkeztu beharreko dokumentuak.

Mintxetako gimnasioa handitzeko proiektuan jasotako planoetako batzuek.