Mendizaleak Morkaikoren Egunaren bueltan batzera deitu ditu Morkaikok

Asier Orbea Ostolaza 2026ko apirilaren 15a

Maiatzaren 9an egingo dute Morkaikoren Egunaren hamalaugarren edizioa, eta dagoeneko zabalik dago Elgoibarko Mendi Itzulian zein Itzulitxoan izena emateko epea.

Herritarren mendizaletasunaren erakusgarri izaten da Elgoibarko Itzulia, Elgoibarko Itzulitxoa eta Finalista Eguna batzen dituen Morkaikoren Eguna. 

Antolatzaileek dortsalak atera zituzten iaz, estreinakoz, eta aurten ere nahitaezkoa izango da izena ematea. Gainera, kirolprobak.com webgunearen bidez bakarrik egin ahal izango da. "Izena emateko, Kirolprobak orrian erabiltzaile bat sortu beharko da eta erabiltzaile honekin sartu. Hala ere, kontuan izan erabiltzaile batek nahibeste izen-emate egin ahal izango dituela", azaldu dute. Maiatzaren 6a izango da izena emateko azken eguna. Plaza kopurua mugatua dela ohartarazi dute Morkaikoko arduradunek.

 Elgoibarko Itzulian zein Itzulitxoan parte hartzeko izena ematen dutenek Morkaikok Errosario kalean duen egoitzan jaso beharko dituzte gero dortsalak. Proba jokatu aurreko egunean, maiatzaren 8an (18:30-20:00) eta proba egunean bertan, irteera aurretik (05:15-05:45) eskuratu ahal izango dira dortsalok. Banaketa errazte aldera, ahal dela dortsala ostiralean jasotzeko eskatu dute antolatzaileek.

Ibilbideak

Elgoibarko Itzuliko partaideak 6:00etan irtengo dira kalegoen plazatik, eta 38 kilometro inguruko mendi itzulia (ibilbidea wikilocen) osatu beharko dute Elgoibar mendiz-mendi inguratuz. 2.000 metro inguruko gorako desnibel positiboa du ibilbideak.
Umeek Itzulitxoan parte hartzeko aukera izango dute. 8:30ean irtengo dira Kalegoen plazatik, eta 10:00etan, Idotorbetik. 12 kilometroko luzera du ibilbideak eta 800 metro inguruko desnibel positiboa. 

Bazkaria eta dutxak

Mendizaleentzako bazkaria ere eskainiko du Morkaikok. 18 urtetik gorakoentzako prezioa 20 euroan jarri dute eta 10 euro ordaindu beharko dituzte 18 urtetik beherakoek. Elgoibarko Mendi Itzulian izena emandakoek dortsalarekin batera jasoko dute bazkaritarako txartela. Itzulitxoko partaideek, berriz, Aiastiako anoa postuan jasoko dituzte bazkaritarako txartelak. Anoa postuak ere egongo dira ibilbidean zehar, bi hain justu ere: Otsortia baserrian (13,7 kilometroan) eta Aiastiako pilotalekuan (27,1 km).
Ibilbidea bukatzean dutxatzeko aukera ere edukiko dute partaideek, Mintxetako aldageletan. 

Informazio osoagoa eta izena emateko morkaiko.eus webgunean

Iazko Morkaikoren Eguneko laburpen-bideoa: