Porrotx eta Marimotots pailazoak Elgoibarko Herriko Antzokian izango dira hilaren 24an. Zerua lapurtu dute izeneko ikuskizuna taularatuko dute, eta bi saio egingo dituzte: 17:00etan lehenengoa eta 19:00etan bigarrena. Sinopsiak honela dio: Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore kezkatuta daude, ez dituztelako izarrak ikusten, eta zerua lapurtu egin dietela pentsatzen dute. Birtxi farozainaren laguntzarekin saiatuko dira urdin infinitura bidaiatu eta izarrak berreskuratzen. Azken batean, urrunerako bidaia proposatzen dute, barrura begira jartzeko.
Sarrerak salgai
Sarrerak salgai daude dagoeneko, eta erosteko bi modu daude: batetik, online bidez eskuratu daitezke, Herriko Antzokiko webgunean, baina, horrez gain, zapatuetako zinema-emanaldietan txarteldegian erosteko aukera egoten da, 19:15etik 21:30era. Sarrerak agortzen ez badira, emanaldiaren egunean bertan ere erosi ahal izango dira, leihatilan.