Egun bi gunetan eskuratu daitezke poltsa konposgararriak: King Kong eraikinean (Jubilatuen Biltokiko eta Lila etxeko sarreraren alboan) eta San Roken (Olaizaga kiroldegiaren sarreraren ondoan) dauden bi makinetan, hain zuzen ere.
Hemendik aurrera, baina, poltsa konpostagarriak doan jasotzeko hiru gune gehiago izango dituzte aukeran herritarrek, honako lekuetan:
- HAZ Herritarren Arretarako Zerbitzuan
- Kultur Etxeko bigarren solairuan kokatuta dagoen Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoan
- Olaizaga kiroldegiko harreran
Makinak matxuratuta
Poltsak banatzen dituzten bi makinek matxurak eduki dituzte azken aldian, eta poltsak hartu ezinda geratu dira erabiltzaileak. Teknologiaren menpe ez egoteko erabaki dute poltsak eskutik eskura banatzeko aukera aktibatzea, aipaturiko hiru guneetan (zerbitzuok martcan dauden ordutegian).
Birziklapena "errazteko" eta hornidura uneoro bermatzeko pausoa dela zehaztu dute sustatzaileek; Elgoibarko Udalak eta Debabarreneko Mankomunitateak. "Ekimen honen bidez, elgoibartarrei erraztasun handiagoak eskaini nahi zaizkie, etxeetan hondakinak behar bezala bereizteko beharrezko materiala beti eskura izan dezaten. Zerbitzua erabat doakoa da eta birziklatzeko oztopo posibleak ezabatzea du helburu".
Poltsa konpostagarriak banatzeko sistemaren hobekuntza
Mankomunitateak egokitzapen-lanak egin ditu poltsa konpostagarriak banatzeko makinetan, "funtzionamendua optimizatzeko". Jakitera eman dutenez, prozesu hori edukiontzi organikoetako sarraila elektronikoen hornitzailea aldatzearen ondorio da, eta, horren ondorioz, poltsak banatzeko makinen barne-sistema egokitu behar izan dute, haien "fidagarritasuna" hobetzeko. Hobekuntza horren bidez, zerbitzu argiagoa, eskuragarriagoa eta aurreikusgarriagoa eskaini nahi dute, sistemaren erabilera erraztuz eta erabiltzaileen esperientzia indartuz.
Informazio gutunak
Debabarrenako Mankomunitateak, eskualdeko udalekin aurrez adostutako akordioaren bidez, Deba, Mutriku, Soraluze, Mendaro eta Mallabiako udalerrietako herritarrei informazio gutunak bidaltzeko fase berri bat abiarazi zuen apirilaren hasieran, honako helburuarekin: edukiontzi marroiaren erabilera egokia sustatzen jarraitzea eta hondakin organikoen bilketa selektiboa hobetzea. Gutunak bidalita daude dagoeneko, eta helburua etxebizitza bakoitzari lotutako edukiontzi marroiaren erabileraren berri ematea da. Horietan, Debabarreneko gaikako bilketaren egoerari buruzko informazio orokorra ematen dute (gaur egun, % 51 inguru), eta herritarrei beren ohiturak berrikusteko eta sistemaren hobekuntzan aktiboki parte hartzeko gonbita egiten diete.
Gainera, etxeetara bidalitako kartek parte hartzeko kanal bat dute, QR kode baten bidez. Kode horrek aukera ematen die erabiltzaileei beren esperientzia, iradokizunak edo balizko gorabeherak helarazteko, eta, horrela, "entzute aktiboa eta zerbitzuaren etengabeko hobekuntza indartzeko".