Igoera lortzeko borrokan partida garrantzitsua galdu du emakumezkoen Haundi taldeak Errenterian

Asier Orbea Ostolaza 2026ko apirilaren 16a

C.D. Elgoibarreko Haundi taldeek atzo jokatu zituzten ligako partidak, Errenterian emakumeek eta Hernanin gizonek. 

Emakumezkoen Haundi taldeak igoera lortzeko borrokan sartuta dagoen Touring K.E. taldeari egin zion bisita atzo, eta nogehiagoka parekatua jokatu zuten Fanderia futbol zelaian. Zuri-gorriak aurreratu ziren markagailuan, Manar Ahdaddouk 15. minutuan sartutako gol bati esker. Etxekoek 25. minutuan lortu zuten partida berdintzea (Uxue Lourenco) eta markagailua irauli zuen gola sartu zuten gero, hain justu 34. minutuan Sara Otero izan zen golegilea. Bigarren zatian Touring izan zen gola sartzen lehena, eta 3-1 aurreratu ziren hernaniarrak, 66. minutuan, Nora Hernandezek sartutako golarekin. Haundik 73. minutuan sartu zuen bigarren gola, partidako azkena. Aroa Cernadak sartu zuen gola. 

Bost jardunaldi falta dira Ohorezko Erregional Mailako liga txapelketa amaitzeko. Lehenengo sailkatua zuzenean igoko da Euskal Ligara, eta bigarrenak Bizkaiko eta Arabako bigarrenen aurka jokatuko du, igoera eskuratzeko jokoan izango den beste txartelaren bila. Une honetan Bergara dago sailkapen buru, 58 punturekin. Intxaurdi dago bigarren postuan sailkatuta (55 puntu) eta hirugarren postuan daude elgoibartarrak, 52 punturekin. Laugarrengoak, Touring-ek, 48 puntu ditu (ikus sailkapen osoa). Talde horien artean jokatuko dute igoera azken txanpa honetan. Hurrengo jardunaldian, 26. jardunaldian, Haundik Hernani izango du aurkari Mintxetan. Hernaniarrak 12. postuan sailkatuta daude. 

Garaipena Hernanin

Gizonezkoen Haundi taldeak ere atzo jokatu zuen Ohorezko Erregional Mailako ligako partida, 29. jardunaldikoa. Hernanin jokatu zuten, Zubipe futbol zelaian, eta 2-1 gailendu ziren elgoibartarrak. Eñaut Igartuak sartu zuen zuri-gorrien lehen gola, 16. minutuan; eta Ibon Macazagak lortu zuen garaipena ziurtatu zuen gola, bigarren zatiaren 20. minutuan. Hernaniarrek partidako 70. minutuan sartu zuten euren gol bakarra. Haundi sailkapeneko zazpigarren postuan dago, 46 punturekin. Liga bukatzeko bost partida falta zaizkie, baina dagoeneko ez dute aukerarik mailaz igotzea erdiesteko (ikus sailkapen osoa).