Bi ibilbidetan lehiatzen dira mendi lasterkariak Leharrei Mendi Lasterketa, hain justu, 15 eta 24 kilometrotako probetan. Lasterketa luzeak 1.300 metrotako desnibel positiboa du, eta ibilbidea Aizaleku (809 metro) eta Otañu (838 m.) gainetatik igarotzen da, besteak beste. Ibilbide luzeko lasterketan 146 korrikalarik hartu zuen parte eta motzean 98 irten ziren Gabiriatik. Mendian lasterka aritzeko baldintza egokiak izan zituzten kirolariek, hezetasun handia egin arren, lokatza gutxirekin topo egin baitzuten ibilbideko bidexketan.
Emakumezkoetan Domusa Teknik Lana taldeko Mayi Mujika elgoibartarra izan zen azkarrena, 2:26:09ko denbora eginda. Mujikak minutu bat eta 5 segundoko aldea atera zion helmugan bigarren postuan ailegatu zen Irati Zubizarreta beasaindarrari (2:27:14). Eneritz Aramendi azpeitiarra igo zen podiumaren hirugarren kaxoira (2:30:06). Gainera, azken honek irabazi zuen Leharrei sari berezia, azken aldapa azkarren igotzen duenari ematen dioten saria, alegia.
Gizonezkoen artean, Josu Urrestarazu idiazabaldarra gailendu zen (1:59:26), Unai Martinez azpeitiarraren (1:59:49) eta Imanol Intza gabiriarraren (2:01:43) aurretik. (ikus sailkapenak -PDF-)
Debuta egin zuen mendi lasterketa
Mayi Mujikarentzat esanahi bereziko lasterketa da Leharrei, mendi lasterketetan debuta egin baitzuen proba baita. "Hau izan zen nire lehenengo lasterketa, duela 9 edo 10 urte. Mutil-lagunarekin batera egin nuen, baina lasterketan beharrean martxan hartu genuen parte, oinez. Lasterketa formatuan korritu dudan aurrenekoa izan da aurtengoa".
Mujikak azken unean erabaki zuen proban lehiatzea. Ikustera joatea zen haren hasierako asmoa, hango lagunekin bazkaria egitea hitzartuta baitzuen. Baina, behin haraino joanda, ikustea baino korrika egitea nahiago zuela erabaki zuen. Aldapa eta zailtasun handiagoko ibilbideak gogokoago dituen arren, bidean topatu zituzten zailtasun nagusiek eskaini zioten aukera ondo zukutu zituen, eta zatirik aldapatsuenetan atera zien aldea aurkariei. "Azken zatian zeuden aldapak noiz iritsi zain nengoen, eta Otañorako igoeran jarri nintzen lasterketa buruan. Handik aurrera erritmoa estutu eta bakarrik ailegatu nintzen helmugara", azaldu du.
- GITB Goierri Irrati Telebistakoek egin duten erreportajean ikus-entzun ditzakezue probaren laburpena eta Mujikaren adierazpenak.