Elgoibarren haurrentzako eta nerabeentzako dagoen aisialdi eskaintzaren berri emateko jardunaldi berezia egingo dute ostegunean

Asier Orbea Ostolaza 2026ko apirilaren 21a

Jardunaldiaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, helburua da familiei herriko aisialdi eskaintza osoa ezagutzera ematea; besteak beste, kirola, kultura, natura, teknologia eta arte adierazpenak biltzen dituen aisialdi eskaintzaren 'argazki' orokor bat eduki dezaten.

Ekitaldian parte hartuko dute herriko hainbat elkarte eta udal zerbitzutako ordezkariek, eta herritarrek haiei zuzenean galdetu eta informazioa jasotzeko aukera izango dutela aurreratu dute antolatzaileek. Jardunaldian parte hartuko duten erakundeak honako hauek dira: Egur Arte Tailerra, Morkaiko Mendizale Elkartea, Udal Ludoteka, Udal Gaztelekua, Atxutxiamaika aisialdi taldea, Bizilabe eta Robotika Dibertigarria, Elgoibar Igeriketa Taldea, Eskola Kirola eta Zubiondo Xake Taldea, besteak beste.

  • Noiz eta non? Apirilaren 23an, osteguna, egingo dute jardunaldia, Bolatokiko parkean, Ludoteka aurrean; 16:30etik 18:30era bitartean.

Elgoibarko Udalak antolatu du herrian dagoen aisialdi eskaintza ezagutzera emateko jardunaldi berezi hau, "herriko familia guztiei aisialdirako dauden askotariko aukerak ezagutzera emateko". Diotenez, kirola, kultura, natura, teknologia eta arte adierazpenak biltzen dituen eskaintza zabala dago herrian, eta zeregin nagusi bat dute horiek: haurren eta nerabeen garapen osasungarria eta autonomia sustatzea. "Helburua da familiek herriko eskaintza osoa ezagutzeko aukera izatea, eta elkarte eta erakundeen arteko lankidetza sendotzea, Elgoibar haurrentzako eta gazteentzako herri bizi eta aktiboa izan dadin", adierazi dute.