Arima Beltza, Andrakan eta Uek taldeetan aritu eta gero, musikari elgoibartarrak 2010ean sortu zuen Sugramas, bere kantu rockeroenak taularatzeko asmoz. Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin argitaratu zuen diskoa, “Jon & Sugramas” gisa. Lan hura makina bat zuzeneko emanalditan ezagutzera eman ostean, -eta taldekideen artean hainbat aldaketa izan eta gero-, proiektua albo batera utzi zuen, bakarkako bideari ekiteko, "era intimistagoan eta akustikoagoan", haren berbetan.
Alderik rockeroenari bide ematen
Harrezkero, Gurrutxagak bi disko kaleratu ditu, eta besteak beste, 1978an Txomin Artolak kaleratu zuen "Belar Hostoak" lana berrinterpretatu du, kantu haiek berriro grabatuz eta taularatuz Urbil Artolarekin batera. Tarteka gitarra elektrikoa eskuetan hartzeko beta ere izan du, ordea, kantu berriak sortuz. Eta horixe da, hain zuzen ere, berriro taula gainera eramango duena: 60ko eta 70eko hamarkadetan egiten zen musikaren eragin nabarmena duen bere alderik rockeroena.
Zuzeneko estiloan grabatua
Bidaia berri honetarako musikaren munduan egin duen ibilbidean ezagutu dituen lagun zahar eta berriak ditu ondoan: Miguel Moral baxuan (Positiva, Rápida), Andoni Etxebeste baterian (Señor No, Chico Boom, Belar Hostoak) eta Xabier Badiola (The Mood Rings, Sotomonte) gitarran. Hitzetarako Xabi Lasarengana jo du berriro Gurrutxagak.
Taldeko kide izan zen Ekaitz Garmendiaren eskutik grabatu dute single berria Karrantzako Black Storm estudioetan. Bi kantuak zuzeneko estiloan grabatu zituzten urtarrilaren 10ean eginiko grabaketa saioan, eta bideaon ere jaso zuten, Jairo Berbel elgoibartarrak hartutako irudiekin. Oraingoz, sarean bakarrik dute entzungai lana, Sugramas taldearen Bancamp orrian. Aurreratu dutenez, formato fisikoan ere argitaratuko dituzte kantok, aurrerago. Hona bi kanta berrien inguruko xehetasunak:
1. Lubaki izakiak
Hitzak: Xabi Lasa eta Jon Gurrutxaga
Musika: Jon Gurrutxaga
2. Erretratu bat
Hitzak: Xabi Lasa
Musika: Jon Gurrutxaga
