Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, erasoaren ustezko egilea, 29 urteko gizonezkoa, goizaldean atxilotu dute Elgoibarren, joan den igandean Donostian izandako sexu-eraso baten egilea delakoan. Salaketa jarri duen biktima 32 urteko emakume bat da.
Segurtasun Sailak jakinarazitakoaren arabera, atxilotuak osasun arazoren bat izan du poliziaren zaintzapean zegoen bitartean, eta ospitalera eraman behar izan dute. Gertakari hori Ertzain-etxe batean gertatu denez, Barne Arazoetarako Buruzagitzak barne ikerketa bat abiatu du, gertatu dena argitzeko. Halaber, Segurtasun Sailak ohar batean jakitera eman duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeari helarazi dio gaia, eta Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak agerraldi bat egitea eskatu du Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean, argibideak han emateko.