Lagunarteko partida jokatu dute infantil mailako Gipuzkoako eta Euskadiko eskubaloi selekzioek IMH Kiroldegian

Asier Orbea Ostolaza 2026ko apirilaren 22a

Euskadiko eta Gipuzkoako selekzioak elkarrekin IMH Kiroldegian jokatu zuten partidaren ostean. Arg: Sanlo EKT

Selekzioen arteko lagunarteko partidak jokatu zituzten, domeka arratsaldean, Elgoibarko IMH kiroldegian.

Infantil kategoriako Euskadiko eta Gipuzkoako selekzioak aritu ziren elkarren aurka, neskenak eta mutilenak. Eta, Sanlo taldeko jokalariek ere hartu zuten parte, hain zuzen nesken arteko norgehiagokan. Euskadiko selekzioarekin aritu zen Sare Orbea eta Gipuzkoarekin Naia Eizagirre eta Itxaso Garaizabal. Naroa Cebrian ere bazegoen Xabier Vicioso Gipuzkoako hautatzailearen deialdian, baina ezin izan zuen partida jokatu. Euskadiko taldeak lortu zuen garaipena, 23-25eko emaitzarekin. 

Sanloko jokalari gehiago ere deitu dituzte Gipuzkoako selekziooak datozen egunetan egingo dituen teknifikazio saioetan parte hartzeko. Batetik, jubenil mailako nesken Gipuzkoako selekzioak Sanloko bi jokalari deitu ditu Arrasaten, apirilaren 26an, egingo duten teknifikazio saiorako. Ane Alberdi eta Elene Fernandez dira Ioritz Soraluce entrenatzaileak deialdian sartu dituen jokalari elgoibartarrak. 
Era berean, kadete mailako selekzioarekin jokatzeko deitu dituzte Sanloko Amets Aramendi eta Maria Amaro. Horiek Errenteriako Galtzaraborda kiroldegian egingo dute teknifikazioa, apirilaren 26an. 

Selekzioarekin aritu ziren Sanloko jokalariak: Sare Orbea (Euskadi) eta Naia Eizagirre eta Itxaso Garaizabal (Gipuzkoa)