Amurrioko Aresketa ikastolako hezkuntza komunitateak ondu ditu Taupadak berpiztu! abestia eta baita honen bideoklipa ere. Joan den eguaztenean aurkeztu zituzten bata zein bestea Amurrion egin zuten agerraldian.
Ikastolako ikasle ohi eta egungo langile Igon Olaguenaga eta ikastolako aita Txiki Lora arduratu dira abestia egiteaz; bideoklipaz, berriz, ikastolako ikasle ohi Eneko Martinez. Haren berbetan, Aresketa Ikastolako sorreratik lanean jardun duen komunitate osoari aitortza islatu nahi izan du bideoklipean, "euskaren aldeko taupadak etorkizunean bizirik irauteko jaia ospatuz".
Lehen esperientzia kameren aurrean
Hainbat urtean Elgoibar Ikastolako irakaslea izan zen Marisabel Aizpurua da bideoklipeko aktore nagusia. Nola ez, ondo ezagutzen duen rola antzezten du ikusentzunezkoan, andereño batena; hain zuzen, azken klasea eman behar duela-eta triste eta nostalgiaz betea den andereño baten azalean sartu da. Aizpuruak dio umeen aurrean edozer egitera ohituta dagoela, halaxe egin baitzuen 40 urtean, baina beste kontu bat dela kamaren aurrean aritzearena. "Ipuinak kontatatu, antzeztu edo txotxongiloekin aritu naiz makina bat urtean Haur Hezkuntzako ikasleekin, izan dezake antzekotasunik antzeztearekin, baina estreinakoz aritu naiz kameren aurrean", azaldu du. Eta, aitortu du ez zuela espero horrenbesteko pisua izango zuenik bideoklipean. "Lagunduko nien galdetu zidaten, eta ezetz esaten ere ez dakidanez, are gehiago Ikastolen eta euskararen aldeko gauza bati, sartu nintzen abentura honetan ere, eta jarri nintzen zuzendariaren aginduetara. Inola ere espero ez nuena da neu izango nintzenik protagonista. Martitzenean erakutsi zidaten emaitza, jendaurrean aurkeztu bezperan, eta ezusteko ederra izan zen", dio. Halere, gustatu zaio emaitza, eta ez du bere burua gaizki ere ikusi, "naturaltasunez" baizik.
Aizpuruaren hiru ilobek ikasten dute Amurrioko Aresketa ikastolan, eta horixe du ikastetxearekin lotura. "Astean birritan joaten gara Amurriora eta erretiroa hartu ostean hiru bat alditan ere joan naiz iloben gelakideei eta ipuinak kontatzera", azaldu du. Araba Euskaraz jairako antolaketa lanetarako ere eman dute izena senarrak eta biek, Amurrion euskara sustatzeko behar handia dagoela ikusten baitu.