Probaren 25. urteurrena ospatuko dute aurten, maiatzaren 17an jokatuko duten lasterketan, eta estreinakoz arituko da emakume bat hizlari lanetan, hain zuzen Laura Rodriguez elgoibartarra. Azken urteetan esatari eta animatzaile lanetan aritu diren Jose Antonio de Pablo "Depa" eta Mikel Apaolaza beasaindarrarekin batera arituko da Rodriguez.
Berdintasunaren aldeko "lorpen txiki bat"
Denis Perez Zegamako Udaleko Kultura zinegotziak azaldu duenez, berdintasunaren aldeko "lorpen txiki bat" da Rodriguez hizlarien taldera batzea, eta haren ustean gaur egungo moldeetara egokitzeko beharretik sortu da. "Beharrezkoa zen zentzu horretan pauso bat ematea", adierazi du. Gehitu duenez, Zegamako Berdintasun taldeak ere izan du zerikusia, "emakumezko speaker bat ekartzeko presioa egin dute, arrazoiarekin gainera". Zegamako berdintasun taldekoek adierazi dutenez, oso harro daude ekitaldian lehen aldiz emakumezko speaker bat izateaz. "Benetako plazerra da ongietorria ematea, eta ohore handia da Laura Rodríguezekin kontatzea", esan dute.
Perezek Goiherriko Hitzari eginiko adierazpenetan zehaztu duenez, ez da erraza izan prest zegoen emakume bat aurkitzea, lan hauetan aritzen diren emakumezkoak "oso gutxi" direlako oraindik, are gutxiago, "euskaraz aritzen direnak".
Estreinaldia, Hiru Txikiak Trailean
Laura Rodriguez mendi lasterketatan lehiatzen da -Zegama-Aizkorrin ere hartu izan du parte-, eta orain gutxi hasi zen hizlari lanak egiten. Estreinaldia Ermuako Hiru Txikiak mendi lasterketan egin zuen, joan den urteko irailean. Lagunak ditu antolatzaileak, eta haiek eskatuta egin zuen debuta mikrofonoarekin. "Emakumezko hizlari bat nahi zutela esan zidaten, euskaraz aritzeko, eta ilusioz jaso nuen proposamena", azaldu du. Pozik eta hunkituta amaitu zuen lehen esperientzia hartan, eta halaxe adierazi zuen: "Bihotzetik egiten duzunean zerbait, emozioak gailentzen dira guztiaren gainetik. Halaxe amaitu nuen speaker gisa aritu nintzen lehen aldian, esker onez negarrez, onenarekin batera, Chitorekin".
Ohorea eta errespetua
Lehen esperientzia hark beste batzuetarako bidea zabaldu zion, eta azken hilabeteetan Espainiako lasterketetan aritu da hizlari lanetan, gaztelaniaz. Orain, Zegama-Aizkorriko hizlari izatea izango du erronka. Ohore bat moduan hartu duen arren, aitortu du errespetua ematen diola, bereziki probak duen oihartzunagatik.
"Mendi lasterketako hizlari modura hasi dudan bide hau Denisi eta bere emazte Idoiari zor diet, haien proposamena izan baitzen Hiru Txikiak proban speaker lanak egitearena. Norbaiti gustatuko zitzaion egin nuen lana, harrezgero proba dezentetatik deitu nautelako. Zegama-Aizkorrikoek abenduan egin zidaten proposamena, eta baietzkoa eman nien. Ohore handi bat den arren, errepetua ere ematen dit, mendi maratoietan ezagunena eta onena delako. Aldi berean eskertuta nago, oso, eman didaten aukera honekin. Gainera, are bereziagoa izango da lehen emakume speakerra izango naizelako, eta probaren 25. urteurrenean gainera. Berezitasun askok bat egingo dute".
Gogokoena eta bereziena
Hizlari izatetik gehien gustatzen zaiona helmugan sortzen den "une magiko" horren lekuko izatea dela dio, eta gogoko du emozioz beteriko une horiek hitzekin azaltzea, nahiz eta, zailena korrikalariekin eta publikoarekin konexio berezi hori lortzea izan bere berbetan. Bera ere mundu horretako partaidea izanik jendearengana errezago heltzen dela uste du. "Neu ere korrikalaria naizenez, eta gainera gehienak ezagutzen ditudanez, badakit korrikalariek zer sentitzen duten, zergatik datorren hura kamiseta berezi bat jantzita, edo zer esanahi duen beste harentzat proba horrek. Euren aurpegiak ikusi eta emozioak; poza, nekea, etsipena... neureak moduan bizi ditut helmugan. Emozio handiz bizi dudan lana da. Gogoko dut korrikalarien artean egotea eta gure artean sortzen den giroa". Bere lanerako, korrikalariei buruzko xehetasunaz ezagutzeko ahalegina egiteaz gainera, lasterketei buruzko ezaugarriak ondo ikasiak izatea ere komeni dela azpimarratu du.

