Elgoibarko eliztarrentzat urte seinalatua izan zen 2016a, bi data esanguratsu ospatu baitzituzten urte guztian: batetik, Kalegoengo San Bartolome parrokian lehen meza eskaini zutela 300 urte bete ziren; eta, bestetik, San Frantzisko komentu ohiaren fundazioaren 500. urteurrena ere eduki zuten gogoan. Duela hamar urte egin zituzten ospakizun haietan, Elgoibarko elizak eta ermitak ezagutzeko mendi ibilaldia izan zen antolatu zuten ekimenetako bat, eta hura berreskuratzea erabaki dute orain. "Duela hamar urte lau urtean behin egiteko moduko egitasmoa zela aipatu genuen, Joku Olinpikoekin egiten den moduan, baina joan dira hamar urte eta ez dugu behin ere egin", azaldu du Pello Arrietak. Orain, San Bartolome Parrokiak eta Morkaiko mendi taldeak berriro batu dituzte indarrak, eta ermitak ezagutzera emateko ibilaldiak berreskuratu dituzte.
Egun bakar batean bisitatzeko ermita gehiegi direla-eta, bi irteera antolatu dituzte: Maiatzaren 16an ekialdean dauden ermitak ezagutzeko, eta ekainaren 6an mendebaldean daudenak ezagutzeko. Bi egunetan 8:00etan irtengo dira Kalegoen Plazatik eta 14:00etarako bueltan egotea aurreikusten dute.
Hiru lagunek egingo dituzte gidari lanak: Pello Arrieta eta Javier Elorza historialariek eta Inma Mugertza geologoak. Arrietak eta Elorzak herriko ermitei, erlijioari eta ondareari lotutako hainbat gairen inguruko azalpenak emango dituzte bidean, besteak beste, gizartearen kohesioan ermitek izan duten garrantzia agerian jartzeko, Arrietaren berbetan. Era berean, Mugertzak natura-inguruneari buruzko zertzeladak emango ditu, inguruko paisaia balioan jartzeko.
Maiatzaren 16ko irteerako ibilbidea:
Parte-hartzaileak San Bartolome parrokiako arkupe aurrean elkartuko dira, 08:00etan. Aita Agirre plazan egingo dute lehen geldialdia, inguru horretan egon ziren San Frantzisko komentuaz eta jada desagertua dagoen ermita baten inguruko azalpenak emateko. Gero, Azkue auzorantz abiatuko dira, San Bizente-San Roke ermitara. Ondoren, Ibartxiki baserritik behera egin eta Sallobente-Ermuaran baserri auzora joko dute. Amabirjinaren aldapan egingo dute lehen geldialdia, han dagoen irudiaren atzean dagoen historia bistaratzeko. San Lorentzo baseliza bisitatu eta gero, Urruzuno auzorako bideari segiko diote, auzoko lokal sozialera ailegatzeko. Bertan, Andres Egidazuk egurrean landutako San Antonioren tailu bat gordeta dute. Urruzonotik Arriaga auzora joango dira, iraganean baseliza izan zuen auzora. Egun San Antolineko lokal batean gordeta dituzte zenbait irudi erligioso eta haien inguruko azalpenak emango dituzte han. San Antolinetik itzuliko dira herrigunera, eta Maalako ermitan amaituko da lehen eguneko ibilbidea.
Ekainaren 6ko irteerako ibilbidea:
Parte-hartzaileak San Bartolome parrokiako arkupe aurrean elkartuko dira, 08:00etan. Bigarren irteera honetan, Deba ibaiaren ezkerraldean dauden ermitak bisitatuko dituzte. Txankakoa zubian egingo dute lehen geldialdia, jada desagertua dauden Santa Klara komentu zaharrari (1553-1976) eta Salbatore ermitari (1557-1953) buruz berba egiteko. Jausoro dorretxeko arkuaren babespean dagoen Ecce Homo edo Salbatzailearen irudia ere izango dute hizpide. Hurrengo geldialdia Aiastia auzoko ermitan egingo dute. Zirarda eta Aiastia bailaratxoen baserritarrak elkartu zirenean Berdezkunde gurutzeko Done Mikel (San Migel) goiaingerua ermita eraikitzeko, Aiastia (San Migel) nekazaritza-auzoa ere sortu zuten aldi berean, 1845ean. Aiastiako baselizatik Iruiturrirantz joko dute, han inguruan dagoen Kanpaizulo tumulura arte, haren historia ezagutzeko. Handik, Santumotzetik igaro ostean, San Pedro baselizaraino jaitsiko dira. Badago Vatikanoko artxibategian 1442ko agiri bat (Eugenio IV. Aita Sainduaren bulda) ermita honekin lotura zuzena duena. Herrigunera Morutik behera ailegatuko dira, eta Olasoko hilerriko sarreran bukatuko baita ibilaldia, Olasoko San Bartolome parrokia izan zenetik geratzen den arkitektura eta eskultura espazio bakarrare