Mintxetako bi padel pistak berritu egingo ditu Elgoibarko Udalak, eta horretarako 20.000 euroko inbertsioa egingo du. Obrak bi aste inguru iraungo ditu, eta, ondo bidean, datorren uztailean egingo dute. Batetik, instalazioen zorua berrituko dute. Belarrari dagokionez, bi pistetan berria jarriko dute, eta Udaletik aditzera eman dutenez, obrarako erabiliko duten materiala punta-puntakoa izango da, berritzailea: monofilamentu texturizatua erabiliko dute; belar konbentzionalarekin alderatuta iraunkortasun handiagoa, ukitu hobea eta kirol errendimendu altuagoa eskaintzen dituena. Lurzorua berritzearen esku-hartze honen kostua 16.000 eurokoa da.
Padel pistaren berrikuntza, hala ere, ez da belar artifizialera eta lur-zorura soilik mugatuko, izan ere, argiztapena ere berritu egingo baitute. Pista bakoitzean zortzi LED foko jarriko dituzte, eta horrek bi onura ekarriko ditu nagusiki instalazioetara. Batetik, energia kontsumoa "nabarmen" murriztuko da, eta horrek diru kostua gutxituko du. Bestetik, argiaren kalitatea hobetu egingo da, jokalariei eta kirolariei padela praktikatzeko askoz ere baldintza egokiagoak eskainiz. Honen kostua 4.000 eurokoa da.