Malapek Berangon jokatuko du Lauko Finala
Malape Taberna taldeak joan zen zapatuan jokatu zuen liga erregularreko azken partida, Errenterian, hain justu liga txapelketa irabazi duen Ereintza Bitek taldearen aurka, eta 30-26 gailendu ziren etxekoak. Hala, Malapek 5. postuan bukatu du liga txapelketako azken sailkapenean, 27 punturekin (13 partida irabazi, bat berdindu eta 8 galdu dituzte).
Orain, mailaz igotzeko bidea hasiko du Malapek, oztopoz beteriko bidea. Euskadiko Txapelketan lehiatu diren bi taldek jokatuko dute Ohorezko Zilarrezko Mailara igotzeko fasea, espainiar estatuko beste talde batzuen aurka; liga txapelketa irabazi duen Ereintza Bitek da horietako bat; eta, igoera jokatzeko bigarren txartela lau taldek jokatuko duten kanporaketatik irtengo da. Liga lehen bost postuetan bukatu duten taldeen artetik, alegia: Berango, Orio, Aloña-Mendi eta Malape. Ligako txapeldunordearen etxean, Berangon, jokatuko dute Lauko Finala, asteburuan. Igoera fasera sailkatzeko txartela izango da irabazlearentzako saria. Hona ordutegia:
Berangoko Lauko Finala
Larunbata 2, finalerdiak
- 16:00 Zuhegan Orio Eragin - Construcciones Ugarte Aloña-Mendi
- 18:00 Berango Urduliz Eskubaloia - Malape Taberna
Igandea 3
- 12:00 Finala
Alcortak Legazpian jokatuko du Lauko Finala
Senior gizonezkoen Alcorta Forging Group taldeak ere joan den asteburuan jokatu zuen liga erregularreko azken partida, eta 28-24ko emaitzarekin irabazi zion Escolapios taldeari Olaizaga kiroldegian jokatutako neurketa. Elgoibartarrek laugarren postuan bukatu dute liga txapelketako azken sailkapenean, 34 punturekin (16 partida irabazi, lau berdindu eta sei galduta).
Donibane taldeak irabazi du Euskadiko Txapelketa eta zuzenean sailkatu dira Lehen Nazional Mailarako igoera fasea jokatzeko. Lauko Finala irabazten duen taldeak eskuratuko du igoera fasea jokatzeko jokoan egongo den bigarren txartela. Elgoibartarrek Legazpi, Urdaneta eta Muskiz izango dituzte aurkari Legazpian jokatuko duten Lauko Finalean. Hona neurketen ordutegiak:
Legazpiko Lauko Finala
Larubata 2, finalerdiak
- 17:00 Laubide Jatetxea Legazpi - Urdaneta
- 19:00 Alcorta Forging Group - Petronor Muskiz Eskubaloia
Igandea 3
- 13:00 Finala