Zientzia azokako tailerretan parte hartzeko izenematea zabaldu dute

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko apirilaren 29a

Maiatzaren 16an Zientzia Azoka egingo dute Sigmako probalekuan, 11:00etatik 14:00etara, eta hango tailerretan parte hartzeko izenematea zabaldu dute. 

Datorren maiatzaren 16an Zientzia Azoka egingo dute Sigmako probalekuan, 11:00etatik 14:00etara. Bertan, Tailer Zientifikoetan parte hartzeko aukera egongo da, baina horretarako aurrez eman behar da izena. Maiatzaren 13ra arte jasoko dira izenemateak, online bidez. Izena emateko esku orrian agertzen diren tailerretatik ordu bat aukeratu, klikatu eta formularioa bete besterik ez da egin behar. aukeratutako ordua beteta badago, ohar bat agertuko da eta libre dagoen beste orduren bat aukeratu beharko da. Tailerrak eta esperientziak HH2tik DBH1era arteko ikasleentzat izango dira. Azoka egunean informazio puntu bat egongo da, bertaratzen den edonori laguntza emateko: tailer bakoitza non dagoen kokatuta, norberak zein tailerretara apuntatu den eta bestelako informazio oro bertan argitu ahalko da. 

Eragile desberdinak

Eragile desberdinek hartuko dute parte azokan, eta bakoitzak bere postua izango du. Besteak beste, Ikastola, Herri Eskola, Elgoibar BHI, IMH Campus, Elgoibar LHII, Bizilabe Elgoibar, Danobatgroup, Robotika Dibertigarria eta Libelium erakundeek hartuko dute parte. Eskoletan eginiko steam proiektuak ere aurkeztuko dituzte ikasleek, eta Bizilabe tailerretan parte hartzen direnek ere ikasturtean zehar egindako lanak erakutsiko dituzte.