Izen-emate epea aurreratzea ez da izango berrikuntza bakarra; izan ere, ikasturte berriak aldaketa nabarmenak ekarriko ditu, bai ekonomikoki, bai programari dagokionez. Iraupenari dagokionez, orain arte eskola kirola urrian hasi izan da beti, baina datorren ikasturtean irailaren 14an hasiko da, eta ekainaren 19an bukatu, ikasturtearekin batera.
Beraz, orain artekoarekin alderatuta, bi aste gehiago iraungo du egitasmoak, eta haurrek aukera zabalagoa izango dute kirola egiteko eta taldekideekin gozatzeko.
Merkeagoa
Prezioari dagokionez ere aldaketa nabarmena izango da; hain zuzen ere, 112 eurotik 60 eurora jaitsiko da urteko kuota, ia erdira. Gainera, gizarte izaerako laguntzak jasotzen dituzten familiek %70eko deskontua izango dute, eta urteko kuota osoa, berriz, 18 eurokoa izango da haientzat. Kirol heziketa herritar guztientzako irisgarriago egitea dute helburu arduradunek, eta horregatik hartu dute erabakia.
Programari dagokionez, talde bakoitzak astean zehar bi kirol saio izango ditu. Horrez gain, hileko bi larunbatetan topaketak eta jardunaldiak egingo dituzte, egunerokotasunetik harago askotariko kirol esperientziak eskaintzeko erabiltzaileei.