Jasone Osororen 'Ezekiel nora ezean' liburua ikasleen gogokoenen artean

Asier Orbea Ostolaza 2026ko apirilaren 29a

Euskal Herriko ikastoletako 14.800 ikasle baino gehiagok parte hartu dute JUUL hauteskunde literarioetan, eta Jasone Osoro idazlearen Ezekiel nora ezean (Elkar) izan da bozkatuena 12 eta 16 urte arteko gazteentzako liburuen kategorian.

Ane Labakaren Murmur (Erein) izan da boto gehien jaso duen bigarren liburua kategoria horretan, eta Jon Arretxeren Toure - 612 euro (Erein) liburuak eskuratu du hirugarren postua. Esan bezala, Jasone Osorok 2012an kaleratu zuen Ezekiel nora ezean izan da aurten boto gehien jaso dituena E kategorian (12-16 urte). 

Idazle elgoibartarrak aurrez ere irabazi izan ditu Juul sariak, beste liburu batzuegatik, besteak beste, Maddiren amona influencerra (Alai) edo Ezekiel (Elkar) liburuengatik. Osorok iaz ere eskuratu zuen aitortza, Festa liburuagatik (goiko argazkian saria jaso zuen unea). Ikus hemen Burlatako Kultur Etxean ospatu zen JUUL 2025 sari-banaketa ekitaldia, bideoan.

Ikasleak JUUL hauteskunde literarioan botoa ematen. Arg: Nafarroako Ikastolen Elkartea.

Ikasleak protagonista hauteskundeetan

Nafarroako Ikastolen Elkarteak antolatzen ditu Juul sariak, baina Euskal Herri osoko ikastoletako ikasleek aukeratzen dituzte liburu eta ilustratzaile gustukoenak, euren botoekin.

JUUL 2026 Literatura Hauteskundeen 28. ekitaldia izan dena egin zuten joan den apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Euskal Herriko ikastoletako 14.800 ikasle baino gehiagok parte hartu zuten literaturaren aldeko hauteskundeetan. 

JUUL hauteskundeek euskarazko irakurzaletasuna sustatzea dute helburu, eta ikastolen eguneroko hezkuntza-lanarekin lotzen dira. Jarduera honetan ikasleak dira protagonista: hauteskunde-mahaia osatzen dute, eta lehendakari, mahaikide eta idazkari lanetan aritzen dira, hauteskunde-prozesua modu praktikoan ezagutuz eta demokratikoki parte hartuz. Bozketa bi eratara egiten dute: boto-txartelaren bidez eta boto elektronikoaren bidez. JUUL webgunea, bozketa egiteko plataformaz gain, irakasleentzat irakurketa sustatzeko baliabideen bilgune ere bada: www.juulkanpaina.eus.

Sarituen zerrenda

Adinka banatutako sei kategoriatan hamabost liburu saritu dituzte, boto gehien jaso zutenak, alegia. Era berean, ikasleek bost ilustratzaile gogokoenak aukeratu dituzte.