40 urte bete ditu Elgoibarko gaztetxeak

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko apirilaren 29a

1986an okupatu zuten Maalako eraikina, gaztetxea sortzeko, eta 1992an eraitsi zuten Elgoibarko estreinako gaztetxea, Maalako parkean, 1986an. Urte hartan okupatu zuten eraikina, eta 1992an eraitsi zuten. JUSTO ARRIOLA.

Ospakizunetan murgilduta dabil Gazte Asanblada, eta urteurrenari lotuta hainbat kontzertu antolatu dituzte dagoeneko.

1986an hartu zuten herriko gazteek Maalako parkean zegoen eraikinaren beheko solairua. Haurtzaindegia izan zen garai batean, eta ballet eskolak ematen zituzten bigarren pisuan. Behean, gazteak bildu eta antolatu ahal izateko gaztetxea atondu zuten. Iñaki Kortabitarte (Elgoibar, 1967) eta Josu Goñi (Elgoibar, 1971) lehenengo Gazte Asanblada hartan ibilitakoak dira. Okupazioan ez zuten parte hartu, baina handik gutxira sartu ziren asanbladan. Haien ahotik egin dugu denboran atzera, Elgoibarko gaztetxearen sorreraraino.

Iñaki Kortabitarte eta Josu Goñi, lehenengo Gazte Asanbladan ibilitakoak. BARRENA

Okupazioaren aurretik, Elgoibarko hainbat gazte hasita zeuden Udalarekin harremanetan, eta bazirudien lortuko zutela gazteentzako lokalen bat, baina prozesu hark ez zuen fruiturik eman. "Hala azaldu zidaten niri", adierazi du Kortabitartek. "Uste dut Santa Klarako txanpiñoia eskaini zuela Udalak", gaineratu du Goñik, baina hura ez zitzaien gune egokia iruditu. 

Gogoratzen dute garai zailak zirela haiek gazteentzat: "Ez zegoen ezer gazteentzat. Tabernak soilik zeuden; ez kiroldegirik, ez kultur etxerik... Langabezia-tasa handia zegoen, eta eskolaz kanpoko jarduerak urriak ziren", dio Goñik. Beraz, gazteak udaletxeko arkupean biltzen ziren, eta han egoten ziren, plazan, orduak eta orduak. Bilgune bat behar zutela erabaki zuten: bazituzten ideiak, bazuten gauzak egiteko gogoa, antolakuntzarako grina ere bai... "Gazteen alde lan egiteko antolatu ziren". 

1986ko abuztuaren 18an hartu zuten Maalako eraikina, gaztetxe bihurtzeko. Atzeko leihotik sartu ziren barrura, eta garbiketa lanetan hasi ziren. "Kokapena zoragarria zen", esan dute, nostalgiaz. "Herrigunean bertan zegoen, eta kanpoan parkea egoteak gauza askotarako ematen zuen aukera". Hain zuzen, horixe egin zuten gazte haiek, gauza asko. Antolatu zituzten kontzertuak, hitzaldiak, tailerrak, antzerkiak, txotxongiloak, aire zabaleko zinema-emanaldiak Ongarrirekin... "Lagun batek ezagutzen zituen Arantzazuko fraideak, eta handik ekarri genituen aire zabaleko emanaldietarako aulkiak", gogoratu dute, umorez. Garaiko gai sozialei buruzko hitzaldiak ere antolatu zituztela gogoratzen dute, feminismoari buruzkoak, hitzaldi internazionalistak, Nikaragua... "Ordura arte itxita zeuden ate asko zabaldu genituen, eta talde antimilitarista eta intsumisio taldea ere han sortu ziren". 

Izen handiko musikariak ere pasatu ziren handik: Hertzainak, Barricada, Sutagar, Rip, Cicatriz, Platero y tu... Garaiko musika talderik entzutetsuenak izan ziren Elgoibarko gaztetxean, eta guztira 130 bat kontzertu antolatu zituzten. "Finantzaketa? Beste garai batzuk ziren. Sarrera kobratzen genuen, eta lortutako dirua ematen zitzaien, eta beste askorik ez. Barricadaren kasuan, ontzi batean zegoen bildutako dirua, eta uste dut kontatu ere ez zutela egin", esan dute. Ion Maia bertsolaria ere pasatu zen gaztetxe hartatik, eta bertso saio hartan ezagutu zuen Fermin Muguruza, gerora lagun izango zuena. 

1987an, Brasilgo Colera taldearen kontzertua Maalan egon zen Gaztetxean. JUSTO ARRIOLA 

Oroitzapen gazi-gozoak

Gaztetxean egindako lanaz eta mugimenduak eman zuen guztiaz oroitzapen oso onak dituzte, baina garai hartako gizartean haiek zuten irudia ez zen ona, eta estigmatizatuta zegoen gaztetxearen bueltan sortzen zen guztia. Guardia Zibilaren kuartela zegoen San Roken, eta diote tarteka jaisten zirela guardia zibilak, sarekadak egitera. "Heroinak min handia egin zuen Elgoibarren, herriko gazte asko hil ziren, eta herrian zabalduta zegoen gaztetxean droga mugitzen zeneko ideia, denok jakin arren droga beste gune batean zabaltzen zela". Kontzerturen batzuk saboteatzeko saiakerak ere izan zituztela azaldu dute: "Argindarra kentzen ziguten, baina farolen batetik-edo hartuta lortzen genuen kontzertuek aurrera egitea". 

1991ko maiatzaren 9an bota zuten gaztetxea, Jose Inazio Elkoroiribe alkate zen agintaldian. 1993ko abuztuan, Aita Agirre eraikin zaharrean sartu ziren gazteak, sanbartolomeak hasi aurretxoan. Bi egun iraun zuen okupazioak: ertzainek atera zituzten handik gazteak, negarra eragiteko gasa erabilita. Zortzi gazte atxilotu zituzten, eta bik tratu txarren kontrako salaketa jarri zuten.
Epaiketa irabazi zuten gazte haiek. 1996ko abenduaren 28an, Alkorta enpresaren eraikin zaharra hartu zuten, Maalan, baina otsail hasieran bota zituzten handik. 1997an, Jarbe enpresak Pedro Mugurutzan zeukan lokala utzi zien Udalak, eta urte batzuk egin zituen kokapen hartan gaztetxeak, kalea eraberritu zuten arte. Urte batzuk gaztetxerik gabe egon zen herria, eta 2007a ezkero Sutegixan biltzen da Gazte Asanblada.