Zuhaitzak mozteko darabilten irizpidea zein den jakin nahi luke herritar honek, zuhaitzak mozteko lanean ari diren beharginek errepidetik hiru metrora dauden zuhaitz guztiak mozteko agindua zutela esan baitzioten: "Pagoak eta haritzak mozten ari dira barren! Egiten ari direna krimen ekologikoa begitantzen zait. Eta halaxe esan nien han topatu nituen arduradunei ere, eta ez zidaten oker nenbilenik esan, alderantziz". Bere iritzirako, hobeto gainbegiratu behar dira halako lanak, kontrol handiagoa behar da halako lanetarako zehaztutako arauak eta irizpideak betetzen diren ala ez jakiteko. "Urteak behar dituzte zuhaitzek hazteko, eta behin moztuz gero ez dago atzera bueltarik", dio. Zenbait argazki ere bidali ditu.