Batetik, elgoibartarrek galdu egin zuten Lagun Onak taldearen aurka Azpeitian, joan den zapatuan, jokatutako partida, 0-1eko emaitzarekin. Julene Elustondok sartu zuen azpeitiarrentzako gola, 76. minutuan. Bestetik, Haundik sailkapenean aurretik dituen bi taldeek -Intxaurdik eta Bergarak-, hiru puntuak eskuratu zituzten.
Hortaz, Haundik aurka ditu matematikak. Hiru jardunaldi bakarrik falta dira liga amaitzeko eta Bergarak sendo jarraitzen du lidertzan, 64 punturekin. Bigarren postuan dagoen Intxaurdik 61 puntu ditu. Hirugarren postuan dago Haundi, 55 punturekin. Gauzak horrela, ez dago elgoibartarren esku mailaz igotzea. Horretarako, azken hiru jardunaldietan jokoan egongo diren 9 puntuak eskuratu beharko lituzkete eta Bergararen eta Intxaurdiren emaitza txarren esperoan egon. Izan ere, lehenengo sailkatua zuzenean igoko da Euskal Ligara, eta bigarrenak Bizkaiko eta Arabako bigarrenen aurka jokatuko du, igoera eskuratzeko jokoan izango den beste txartelaren bila.
Hurrengo jardunaldian, Haundik Tolosaren aurka jokatu Mintxetan. Azkenaurreko jardunaldian, berriz, Bergara liderrari bisita egingo diote; eta, azken jardunaldian, Goierri Gorri taldearen aurka jokatuko dute Mintxetan. Azken jardunaldi horretan, gainera, elkarren aurka jokatuko dute sailkapeneko lehen bi postuetan dauden Intxaurdik eta Bergarak. Honenbestez, zirtatuta dago emozioa.
Haundi nagusi Urkiren aurkako derbian
Gizonezkoen Haundi taldeak Urkiren aurka jokatu zuen Eibarren, eta zuri-gorriek irabazi zuen auzokoen arteko derbia, 1-4ko emaitzarekin. Julen Guillok sartutako hiru golak nabarmendu behar dira: 15, 46 eta 95. minutuetan lortutako golei esker lortu zuen hat-tricka. Eñaut Igartuak izan zen beste goleatzailea.(ikus hemen CD Elgoibarko talde guztien emaitzak)
Min hartutako taldekidea gogoan
Lesioak izan ohi dira futbolarien ibilbidean oztopo handienetakoa, baina, aldi berean, kirolaren balio onenak ere azaleratzen dituzte halako une gogorrek. Kasu honetan, CD Elgoibarko kadeteen C taldekoek gogoan eduki dute min hartuta dagoen taldekidea. Belauneko aurreko lokailu gurutzatua eta meniskoa hautsita dituen lagunari animoak emate aldera, kamiseta bereziak jantzita eta pankartarekin zelairatu ziren, joan den zapatuan Mintxetan, Amaikak Bat taldearen aurka jokatu zuten partida hasi aurrekoan. Kamiseta bat ere oparitu zioten guztien sinadurekin.
