Jakinarazi dutenez, astelehenetan eta ostiraletan eman daiteke izena, Jubilatuen Biltokian, 11:00etatik 12:00etara bitartean. Irteeraren inguruko xehetasunak ere eman dituzte. Autobuses joango dira eta han ere autobuses mugituko dira batetik bestera. Irteera guztirako gidaria ere eramango dute. Lau gau pasako dituzte Lloret de Mar herriko Gran Hotel Flamington hotelean, mantenu osoan, buffet zerbitzuarekin.
Costa Brava Kataluniako kostaldearen eremu nagusi eta ezagunenetarikoa da, 214 kilometrotako luzerarekin Gironako probintzian zabaltzen dena Portboutik Blanesera, Alt Empordà, Baix Empordà eta Selva eskualdeak barne hartuz. Erretiratu elgoibartarrek Girona, Figueres, Tossa de Mar edo Empuriabrava ezagutzeko asmoa dute eta Daliren museoa ere bisitatuko dute Salvador Dali margolariaren jaioterrian, Figueresen. Kulturaz gainera hango gastronomiaz gozatzeko asmoa ere badutela esan dute.
Irteeran parte hartu nahi dutenek 510 euro ordaindu beharko dituzte. Prezio horren barne sartuko denari buruzko informazio zehatzagoa izena ematerakoan eskuratu daiteke.
