Momentuz, 250 lagun daude izena emanda Elgoibarko Mendi Itzulian parte hartzeko, eta 270 dira Itzulitxorako izena emandakoak. Bazkaritarako 200ek eman dute izena orain arte. Izen ematea kirolprobak.com webgunearen bidez egin behar da; bai Elgoibarko Mendi Itzulirako eta baita Itzulitxorako ere.
Ordutegia eta ibilbideak
Elgoibarko Itzuliko partaideak 06:00etan irtengo dira, Kalegoen plazatik, eta 40,5 kilometro inguruko mendi buelta (ibilbidea wikilocen) osatu beharko dute. 2.000 metro inguruko gorako desnibel positiboa du ibilbideak.
Umeek eta familiek Itzulitxoan parte hartzeko aukera izango dute; 08:30ean irtengo dira, Kalegoen plazatik, eta 10:00etan, Idotorbetik. Itzulitxoaren ibilbideak 15 kilometroko luzera du, eta 800 metro inguruko desnibel positiboa (ibilbidea wikilocen). Partaideak Aiastiako pilotalekuan egongo den anoa postuan elkartuko dira 12:15ean, denak elkarrekin herrigunera jaisteko. Morkaikotik ohartarazi dutenez, haurrak ezingo dira bakarrik jaitsi.
Dortsalak
Elgoibarko Itzulian parte hartzeko izena ematen dutenek Morkaikok Errosario kalean duen egoitzan jaso beharko dituzte gero dortsalak. Proba jokatu aurreko egunean, maiatzaren 8an (18:30-20:00) eta proba egunean bertan, irteera aurretik (05:15-05:45) eskuratu ahal izango dira dortsalok. Banaketa errazte aldera, ahal dela dortsala ostiralean jasotzeko eskatu dute antolatzaileek.
84 domina
Finalista Eguneko dominak ere banatuko dituzte Morkakoren Egunean, eta aurten 84 umek jasoko dute aitortza igotako mendiengatik, hain zuzen 2025ko maiatzetik 2026ko apirilera bitartean igotako mendiengatik. 13:30etik aurrera egingo dute dominak banatzeko ekitaldia Kalegoen plazan.
- 5 mendi igotzeagatik 16 umek jasoko dute domina
- 10 mendi igotzeagatik 18 umek jasoko dute domina
- 15 mendi igotzeagatik 16 umek jasoko dute domina
- 20 mendi igotzeagatik 14 umek jasoko dute domina
- 25 mendi igotzeagatik 4 umek jasoko dute domina
- 30 mendi igotzeagatik 10 umek jasoko dute domina
- 40 mendi igotzeagatik 3 umek jasoko dute domina
- 45 mendi igotzeagatik 2 umek jasoko dute domina
Bazkaria eta dutxak
Mendizaleentzako bazkaria ere eskainiko du Morkaikok. 18 urtetik gorakoentzako prezioa 20 euroan jarri dute eta 10 euro ordaindu beharko dituzte 18 urtetik beherakoek. Elgoibarko Mendi Itzulian izena emandakoek dortsalarekin batera jasoko dute bazkaritarako txartela. Itzulitxoko partaideek, berriz, Aiastiako anoa postuan jasoko dituzte bazkaritarako txartelak. Anoa postuak ere egongo dira ibilbidean zehar, bi hain justu ere: Otsortia baserrian (13,7 kilometroan) eta Aiastiako pilotalekuan (27,1 km).
Ibilbidea bukatzean dutxatzeko aukera ere edukiko dute partaideek, Mintxetako aldageletan.
Iazko Morkaikoren Eguneko laburpen-bideoa: