Besa-Geminis taldeko Danel Garaizabalek hirugarren egin du Ispasterren, Green Series zirkuituko lasterketan

Ainara Argoitia Arano 2026ko maiatzaren 10a

Mendiko bizikletako Green Series zirkuituko laugarren lasterketa jokatu dute gaur, igandea, Ispasterren, eta kadeteetan, podiumeko hirugarren koskara igo da Besa-Geminis taldeko Danel Garaizabal.

Hiru itzuli eman behar izan diote txirrindulariek zirkuituari, eta Saltoki Olza Sagardoy taldeko Aitor Beloki Blanco izan da denetan azkarrena, 0:46:42ko denborarekin. Haren taldekide Joanes Aldaba Alsak egin du bigarren, lagunaren denbora bera eginda, eta hirugarren helmugaratu da Besa-Geminis taldeko elgoibartarra: Danel Garaizabal Mugika (0:47:35). Irteeratik bertatik erakutsi du elgoibartarrak sasoiko dagoela eta taldekide duen Enaitz Iraolagoitia Urkizu eta biak ibili dira hirugarren posturako lehian. Azkeneko itzulian, Iraolagoitiari kateak irten dio, baina hala ere, elkarren segidan helmugaratu dira, hamabi segundoren aldearekin elkarrengandik. Sailkapen nagusian, hamalaugarren sailkatu da, bestalde, Eneko Lameiras Fernandez Eibarko Klub Deportiboko txirrindularia (0:51:01). Beste bi debabarrendar ere lehiatu dira gaurko lasterketan: Besa-Geminis taldeko Zugatz Iraolagoitia mendaroarra (1:03:45) eta Mutrikuko Atxukale Txirrindulari taldeko Aimar Agirrezabalaga Kortazar (1:01:20).