Kopako finalerdia jokatuko du erregional mailako CD Elgoibarko taldeak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko maiatzaren 19a

Gizonezkoen CD Elgoibarko bigarren taldeak, Gipuzkoako Erregional Mailan diharduenak, Kopa txapelketako finalerdietako bat jokatuko du asteburuan. 

Igoera fasera sailkatzerik lortu ez zuten 30 taldeek jokatu dute Kopa txapelketa, lau multzotan banatuta. Multzo bakoitzeko lehen sailkatuek jokatuko dituzte finalerdiak, eta Elgoibarko taldea da horietako bat, 4. multzoko onenak izan baitira denboraldiaren bigarren zati honetan. Jokatutako hamalau partidetatik bederatzi irabazi dituzte, bi berdindu eta hiru galdu. Guztira 29 puntu batu dituzte, multzoko bigarren postua eskuratu duen Mutrikuk baino 3 puntu gehiago. Multzoko goleatzaile onena ere C.D. Elgoibarko jokalari Erlantz Plaza Parra izan da, 8 golekin. Gorka Alzaga eta Abderrafie El Hachimi ere nabarmendu dira golak egiten, 7 eta 6 gol sartuta. Kopa txapelketan Sanpedrotarra taldeko Jon Vivas Sanchez da orain arteko golegile nagusia, 11 gol sartuta.

Finalerdiak, partida bakarrera

Elgoibarrek Lasarteko Ostadar taldea izango du aurkari finalerdietako kanporaketan, 3. multzoko lehen sailkatua. Partida bakarrera jokatuko dute kanporaketa, zapatu honetan, Lasarte-Oriako Atsobakar futbol zelaian (12:00). Finalerako sailkatuko da irabazlea.
Beste finalerdian San Marcial taldeak eta Pasaiak jokatuko dute elkarren aurka, domekan. 

Haundik berdinketa lortu zuen liderraren etxean

Igoerarik lortzeko aukerarik gabe geratu ostean, emakumezkoen Haundi taldeak ligako azkenaurreko partida jokatu zuen, zapatuan, Bergaran, hain zuzen Ohorezko Erregional Mailako liderraren etxean. Hutsnako berdinketarekin amaitu zen partida. Sailkapenean bigarren dagoen Intxaurdi taldeak galdu egin zuen igandean Tolosan jokatutako partida, eta hortaz, Bergara zuzenean igo da Euskal Ligara (gogotik ospatu zuten igoera domekan), eta igoerarako kanporaketak jokatuko ditu Intxaurdik.

Haundik liga hirugarren postuan amaitzeko aukera du, eta horixe izango dute errronka azken partidurako. Mintxetan jokatuko dute, zapatuan, Goierri Gorri taldearen aurka, sailkapenean zuri-gorriek baino puntu bat gutxiago duen taldearen aurka. Hortaz, berdinketa edo garaipena behar dute sailkapeneko podiumean bukatu ahal izateko. 18:30ean hasiko da neurketa.

Gizonezkoen haundi taldeak ere Mintxetan esango dio agur denboraldiari. Zumaiako izango dute aurkari zapatuan, 16:30etik aurrera Mintxetan jokatuko duten partidan. Sailkapeneko zazpigarren postuan dago Haundi, 49 punturekin, eta bi puntu gehiago ditu Zumaiako taldeak. Denboraldiko azkenaurreko jardunaldian 4-0 galdu zuen Haundik Beasainen.