Bertoko zuhaitz espezieak landatzeko bi lursail erosi ditu Elgoibarko Baso Biziak elkarteak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko maiatzaren 19a

Erosi dituzten azken lursailetan landaketak egiten. Arg: Elgoibarko Baso Biziak.

Muskiritzu mendilerroko magal batean bi lursail erosi dituela jakitera eman du Elgoibarko Baso Biziak Elkarteak, eta joan den neguko zuhaitz landaketa kanpainako datuen berri ere eman dute.

Azaldu dutenez, neguaren bukaerarako lortu zuten dena lotzea eta bi lursailak erostea, 2,4 eta 0,9 hektareakoak. Muskiritzu mendilerroko magal batean daude bi lursailok, bata bestearen ondoan. Zehaztu dutenez, pinua eta alertzea moztu berri zuten lursailotan, eta horri esker zenbait zuhaitz landara landatzeko aukera eduki dute aurtengo kanpainan. 

59 hektarea lur 

Baso autoktonoa sustatzen jarraitzeko helburuarekin erositako azken lursail hauek batuta, denera 15,2 hektarea daude Elgoibarko Baso Biziak elkartearen izenean, eta horiei jabeekin akordioan dituzten lursailak gaineratu behar zaizkie, halakoetan ere landaketak egiten dihardute-eta. Hamar lurjaberekin dituzte adostuta hitzarmenak; 23 partzela eta 43,74 hektarea kudeatzeko. Guztira, beraz, 59 hektarea kudeatzen ditu elkarteak. Kontuak atera ahal izateko, hektarea batek futbol-estadio bateko zelaigunearen antzerako tamaina dauka.

2.436 zuhaitz landatu dituzte neguan

Iazko azaroan hasi zuten zuhaitzak landatzeko sasoia eta negua bukatu arte aritu ziren bertoko espezietako zuhaitzak landatzen. Guztira 2.436 zuhaitz landatu dituzte 2025 eta 2026 arteko landaketa sasoian. 2022tik hona bertoko espezietako 9.259 zuhaitz landara landatu dituzte, eta ari da itxuratzen bertoko espezien osatutako basoa. Hona urtez urteko landaketa datuak:

  • 2022-23: 1.895 zuhaitz landatu
  • 2023-24: 2.697 zuhaitz
  • 2024-25: 2.231 zuhaitz
  • 2025-26: 2.436 zuhaitz
  • Guztira: 9.259 zuhaitz

Lursailak erosi dituzten Muskiritzuko eremua. Arg: Elgoibarko Baso Biziak.