Toletxe kaleko 8. zenbakiaren atzean dagoen plazan sortuko dute petankan aritzeko jolaslekua. Atzo hasi zituzten lanak. Lehenik, plazatxo horretan zeuden joko-elementuak kendu zituzten, libre geratuko den lekuan jolaslekua sortzeko. Jolaslekua 12 metro luze eta 3 metro zabal izango da, eta egurrezko zeharrormekin eraikiko dute. Geruza geotestil bat izango du, eta haren gainean hareazko geruza batzuk jarriko dituzte. Markagailu bat eta materiala gordetzeko armairu bat ere jarriko dituzte. Ondo bidean lanak ekainerako amaituta egongo direla jakinarazi du Udalak. Obraren aurrekontua 5.650 euro da –gehi BEZa–. Udaleko teknikariak arduratu dira diseinuaz eta baita lanak gauzatzeaz ere.
Proiektuaren sustatzaileek argi laga nahi izan dute euren helburua ez dela jubilatuentzako espazio bat sortzea soilik, baizik eta kirolaren bidez belaunaldiarteko harremanak sustatzea, "herritarrak aktibo manten daitezen eta elkarrekin gozatzeko aukera izan dezaten".
Elgoibarko Udaletik azaldu dutenez, herriko jubilatuek eginiko proposamena izan zen petankan aritzeko gune bat prestatzearena, eta haiekin elkarlanean aritu dira lanean egitasmoa gauzatzeko asmoz. Halere, zehaztu dute, herritar guztiek erabili ahal izango dutela, adin eta genero guztietakoek.
Egun jokatzen duten Petanka jokoak Frantzian du jatorria: Proventzako La Ciotat herrian sortu zuten 1907an. Informazio osoagoa wikipedian.
