Kolonbiarra zara; zer partetakoa zehazki?
Condotokoa naiz, herri txiki eta atsegin batekoa. Chocón dago, Kolonbiako 32 departamenduetako batean, herrialdearen ipar-mendebaldean, Pazifikoko eskualdean. Urre eta platino gehien duen lurraldea izateagatik ezagunak garen arren, aldi berean, ahanztuenak ere bagara. Bizilagun ia denak, denak ez esatearren, beltzak gara. Gainerakoak, azal zurikoak, urrea ateratzen lan egitera herrialdeko gainerako departamenduetatik etorritako jendea dira, Bogotako roloak edo Medellineko paisak, esaterako. Azken horiek dira hain justu ere, nazioartean kolonbiar azentoa ezagun egin dutenak, denok horrela hitz egiten ez dugun arren.
Noiz eta nolatan erabaki zenuen sorterria lagatzea?
Hamazazpi urtera arte geratu nintzen jaiolekuan. Lehenago alde egin nahi nuen arren, amak ikasketak amaitzera behartu ninduen, baldintza horixe jarri zidan. Umetatik argi nuen zer egin nahi nuen bizitzan, futbola besterik ez nuen buruan. Nire aita eta ama nik bi urte bete aurretik banandu ziren eta amarekin bizi izan naiz ni, beste bi anai ordekorekin. Nire aitak zazpi seme eduki ditu sei bikoterekin, eta harreman ona dut guztiekin. Batxilergoa bukatutakoan hasi nuen horrenbeste desio nuen futbol ibilbidea, eta harrezkero batetik bestera eraman nau futbolak.
Konta egiguzu, bada, futbolean egin duzun ibilbidea?
Kolonbiako hiriburura joan nintzen lehenik, Bogotara. Zenbait taldetatik igaro ostean, afizionatu mailako Marsella taldean egonkortu nintzen. Denboraldi oso onak egin nituen han, eta herrialde guztian lehiatzen ziren talde handiagoen arreta piztu nuen. Bi taldetatik deitu ninduten probak egitera, eta Kolonbiako Lehen Mailan lehiatzen zen Fortaleza izan zen horietako bat. Oso ondo irten zitzaizkidan probak eta haiek ere gustura geratu ziren. Tamalez, baina, futbolariaren formakuntza-eskubideekin lotutako desadostasunak egon ziren, Marsella taldeak ez baininduen edozelan askatu nahi. Konpondu ziren nolabait arazoak, eta bi urte egin nituen Fortalezan, behe mailetako taldeetan. Ikasten jarraitzeko aukera ere eskaini zidaten. Zoritxarrez, zuzendaritza eta entrenatzaile berriek hartu zuten taldearen agintea eta lekurik gabe geratu nintzen. Orduan, Panamara joatea erabaki nuen, futbolean nire tokia topatu nahian. Bigarren mailako talde batean eman zidaten aukera. Denboraldi bat eta erdi aritu nintzen han, baina hango bizimoduari aurre egiteko laguntza txikia eman zidan klubak, eta aurrerabide handirik sumatzen ez nuenez, Kolonbiara itzuli nintzen. Anaia bat nuen Medellinen ikasten ari zena, eta hara joan nintzen, Antioquiako hiriburura. Lehen Mailako Envigado FC taldean proba batzuk egin nituen, baina ez nuen zorte handiegirik eduki. Aldea egoten da norbaitek gomendatuta joaten bazara edo haren edo honen ezaguna bazara, eta nik ez nuen ateak zabalduko zizkidan halako aitabitxirik. Tamalez, neure larruan bizitzea tokatu zitzaidan moduan, aintzat hartzen dituzte kirol mailarekin zerikusia ez duten horrelako gauzak ere. Langabezian pasa nuen hurrengo urtea, harik eta Belizera joateko eskaera bat jaso nuen arte. Guatemala eta Mexiko artean dagoen herrialde txikia da Belize, Ingalaterrako kolonia izandakoa, horregatik hitz egiten dute ingelez kriolloan. Police United taldean aritu nintzen, poliziaren taldean. Hego Amerikan ohikoak dira halakoak, gutxi dira enpresen taldeak. Urte lasaia igaro nuen han, lagunak egin nituen eta haietako baten bitartez eduki nuen Nikaraguaren berri. Halaxe joan nintzen harantz. Hainbat taldetan jokatu nuen Nikaraguan: Masachapa, Deportivo Las Sabanas, Managua FC, Ocotal... eta han igaro nuen Covidaren pandemia ere, eta hura pasatakoan berriro itzuli nintzen Kolonbiara. Bi denboraldi han egin ostean, 2022an Espainiara etortzea erabaki nuen.
Nolatan sortu zitzaizun Europara etortzeko aukera?
Orduan, futbolak ez zuen zerikusirik izan. Nikaraguakoa dut bikotekidea, eta hura etorri zen lehenago hona, Elgoibarrera, eta ni haren atzetik. Hemen daramatzagun hiru urte eta erdian herriko hiru lekutan bizi izan gara orain arte, Urazandin lehenik, San Bartolome kaleko etxe batean gero eta Toletxera lekualdatu gara orain.
Herrialdez bakarrik ez orduan, ohituta zaude etxez ere sarri aldatzera.
Halaxe da bai. Horretara ohitua nago, halabeharrez. Normala da niretzat.
Hemen ere azkar topatu zenuen futbolerako bidea, ezta?
Bikotekideak beti babestu eta animatu nau futbolean jarraitzera, badaki-eta bizpoza ematen didala. Banatzaile-lanetan ari nintzela izan nuen Ondarroa eta Berriatua artean dagoen futbol talde baten berri, eta neu aurkeztu nintzen lekurik ba ote zuten galdezka. Taldeko atezainari esan nion Elgoibarren bizi nintzela, eta CD Elgoibar atezain bila zebilela esan zidan. Lehiarik egingo zion atezainik ez zuela nahi pentsatu nuen arren, egia zen. Joan nintzen Mintxetara eta hitz egin nuen Haundiko entrenatzailearekin; Pablo zen orduan, eta esan zidan denboraldi erdia zeramatela ordezko atezainik gabe. Halaxe hasi nintzen Haundin jokatzen. Hiru urte eta erdi egin ditut.
Zer balorazio egiten duzu orain artekoaz?
Oso ona. Europara etorri nintzenean, banuen kezka arrazismoaren kontuarekin, baina Euskal Herriak harrituta laga nau, onerako. Beti dago egun txar bat daukan norbait, baina, osterantzean, ez dut inolako arazorik izan; aitzitik, jende oso atsegina eta edukazio handikoa ezagutu dut. Etxez etxeko banatzaile-lanetan aritu naiz Oñati, Arrasate Bergara zein Ermu inguruan, baserriz baserri ere bai, eta lagun askorekin izan dut tratua.
Kolonbian arrazakeria egoerarik bizitzea tokatu zitzaizun.
Bogotan gehienbat. Hiriburua izaterakoan gainerakoak baino gehiago direla pentsatzen dute hangoek eta arrazismoa eta klasismoa nahasten dira. Medellin ere hiri handia da baina ez nuen arrazakeriarik igarri, eta are gutxiago Cali hiroan, han jatorri guztioetako kolonbiarrak bizi baitira elkarrekin nahasian.
Non bizi dute futbola pasio handiagoz, Kolonbian ala Euskal Herrian?
Hemen ia beti daude beteta futbol-estadioak; han taldea ondo doanean bakarrik. Han futbolari izateko ametsa beste modu batera bizi dugu. Hemen talentudun jokalari asko ezagutu ditut beste herrialderen batera joateko nahikoa kalitate dutenak, joan litezke Poloniako edo Txinako ligetan jokatzera, esaterako, edo Italiako bigarren edo hirugarren mailako talderen batera, baina ez ditut pausoa eman eta arriskatzeko prest ikusten. Nahiago dute euren konfort eremuan geratu, erosotasunean. Bestelakoa da mentalitatea. Beste desberdintasun handi bat festen kontua da. Hego Amerikan eta Ertamerikan klubek asko zaintzen dute jokalariak festan ez irtetea. Zaintza handia dago. Era berean, zaleek jokalariren bat zurrutean harrapatuz gero, aurpegiratu egingo diote emaitzen bolada txarretan. Hemen, aldiz, etorri eta berehala izan nuen festarako lehen gonbidapena, eta erabat ezustean harrapatu ninduen. Are gehiago entrenatzailea gurekin ardo bat hartzen ikusi nuenean [barrez].
Txikitatik zenuen argi atezain izan nahi zenuela?
Ez. Aurrelari moduan hasi nintzen, teknikoki abilegia izan ez arren, abiadura handia neukalako. Akats handi bat nuen, ordea, ez nuen ondo eramaten defentsa gogorrak, egurra ematen zidatenean, alegia. Gehiegi hasarratzen nintzen. Gero, 12-13 urterekin atezainetan arreta handiagoa jartzen hasi nintzen eta neuk ere probatzea erabaki nuen. Halere, gaur da eguna inori ez diodala gomendatzen atezain izatea [barrez]
Zein dira zure ezaugarriak?
Atezain arina eta azkarra naiz, eta aireko jokoa gustatzen zait. El Fiera deitzen didate, eta uste dut ondo erakusten duela zelako atezaina naizen.
Nolako giroa topatu duzu aldagelan?
Oso gustura nago klubean zein herrian. Klubeko jokalari gaztetxoenek eta haien gurasoek ere egiten didate kasu kalean. Arinago bertakotzen lagundu dit futbolak. Euskal Herritik harritu nauen beste gauza bat da beti ari zeratela zerbait ospatzen, beti dago festaren bat edo beste. Taldekideek ere gomendatu izan dizkidate euren herrietako festak eta joan izan naiz Bergarara, Donostiara eta San Ferminak ere ezagutu ditut. Eta gehiago ere ezagutuko nituzke kotxerik banu.
Hona etorri aurretik zer zenekien Euskal Herriaz?
Entzuna nuen hemen beste hizkuntza bat hitz egiten zenutela, baina ez nekien horren desberdina zenik. Independentzia nahi duen herrialdea dela ere banekien. Harritu nauen beste kontu bat atzerritarrentzako dauden laguntzak dira. Gustatzen ez zaidana da asko laguntza horietaz aprobetxatzen direla. Nire ustez benetako beharra dagoenean jaso behar dira laguntzok. Hemen daukazuen antolamenduak eta ordenak ere deitu dit arreta. Ikasteko hemen ematen dituzten aukerak ere aipagarriak dira. Zuen aurrekoek ondo egin zituzten gauzak eta emaitzak aprobetxatu ditzakezue orain. Neuk ere horixe bilatzen dut, nire ondorengoentzako ondare bat lagatzea gustatuko litzaidake.
Non ikusten duzu zeure burua hemendik urte batzuetara?
Haundi lagako dut aurten, eta baita futbola ere. Asko garestitu da bizimodua, etxeen alokairuak izugarri egin du gora, eta, bertakoontzat zaila bada, pentsa kanpotik gatozenontzako. Nik ez dut ezer kotizatu orain arte, eta 35 urte egitera noa. Lan eta lan egitea tokatzen zait, eta bateraezina da futbolarekin. Gainera, taldekideekiko ez da bidezkoa entrenatzera joan ezin eta gero jokatzea. Erabakia hartu nuenetik lasaiago nago. Soldadura ikasi dut, eta, paperak atera ditudanez, horrekin lotutako lana aurkitzea da orain nire asmoa. Hemen egonkortu nahiko nuke. Bestelako asmoak ere baditut, badaezpada, diru pixka bat egin eta Estatu Batuetan bizi den lagun batekin proiekturen bat gauzatzea ere badautat gogoan.
Nola beteko duzu futbolak lagatako hutsunea?
Futbolaren hutsunea gimnasioarekin beteko dut; betidanik gustatu izan zaizkit ariketarekin eta bizimodu osasuntsuarekin lotutako kontuak. Nire sare sozialak indartu eta gorputza lantzearekin zerikusia duen eduki gehiago sortzeko asmoa ere badut, gogoko izateaz aparte etekin ekonomikoa ateratzeko aukera ere badagoelako.








