Atzo moduan, gaur ere abisu horia egongo da indarrean, 13:00etatik 19:00etara. Euskalmeten iragarpenaren arabera, gaur zerua oskarbi agertuko da. Hegoaldeko haizea ibiliko da, eta tenperatura igoaraziko du, baita kostaldean ere. Tenperatura maximoak 30-35 gradu artekoak izango dira. Ekialdeko eta hego-ekialdeko haizea ibiliko da, indar handirik gabe, eta gauean litekeena da haizeak mendebaldera egitea kostaldean, bolada gogorrekin.
Asteburuan eta datozen egunetan ere eguzkia eta beroa izango dira nagusi, eta 30 eta 35 gradu arteko tenperaturak iragarri dituzte.
Bero Plana aurreratu dute
Eusko Jaurlaritzak ekainaren 1ean abiatzen du, normalean, Bero Plana, baina azken orduotako beroaren eraginez, atzotik indarrean da, eta irailaren 30era arte egongo da indarrean.
Hiru ardatz nagusi ditu: tenperatura iragarri eta ebaluatzea, beroak osasunean eragiten dituen ondorioen zaintza epidemiologikoa, eta prebentzio neurriak eta oharrak zabaltzeko komunikazio sistema. Arrisku egoerak hiru mailatan sailkatu dituzte: horia (abisua), laranja (alerta) eta gorria (alarma).
Gomendioak
Osasun Sailak ohartarazi duenez, gaurtik eta datozen egunetan espero diren tenperatura beroak direla eta —maila horiko arriskua—, oinarrizko prebentzio neurriak hartzea komeni da, "bero kolpeak, deshidratazioa eta bestelako arazoak saihesteko".
Kanpoan, eguzkiaren eraginpean egotea saihesteko gomendatu dute, batez ere eguneko ordurik beroenetan. Halaber, sei hilabetetik beherako haurrei ez die eguzkiak zuzenean eman behar. Txanoa, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki babesa erabiltzea ere aholkatzen dute, baita arropa arina, zabala eta transpiragarria janztea ere.
Bestalde, jarduera fisiko bizia ez egitea gomendatu dute, batez ere bero handieneko orduetan. Ahultasuna, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa edo ordubetetik gora irauten duten konorte galerak izanez gero, osasun langileengana jotzea aholkatu dute.
Etxean zer egin
Etxea fresko mantentzeko, leihoak eta pertsianak itxita edukitzea gomendatu dute bero handieneko orduetan, eta etxea gauez aireztatzea gelak freskatzeko. Gainera, beroa sortzen duten etxetresna elektrikoak eguerdi partean ez erabiltzea aholkatzen dute.
Haizagailuak kontuz erabiltzeko eskatu dute, izan ere, 35 gradutik gora ez dute gorputzaren tenperatura jaisten laguntzen.
Horrez gain, dutxa eta bainu freskoak hartzea gomendatu dute, baita aurpegian eta eskuetan zapi bustiak jartzea ere. Etxea fresko mantentzerik ez badago, egunean bi eta hiru ordu artean leku klimatizatuetan igarotzea aholkatzen dute, hala nola eraikin publikoetan.
Deshidratazioa saihesteko, ura eta bestelako likidoak maiz edatea gomendatu dute, egarri izan arte itxaron gabe. Kafeina, alkohola zein azukre asko duten edariak saihesteko eskatu dute, deshidratatzea errazten baitute. Fruta, barazki eta entsalada gehiago jatea ere aholkatzen dute, gatz mineralak berritzeko; eta otordu astunak, koipetsuak edo oparoak saihestea, beroari egokitzea zailtzen dutelako.