Oihane Aguirrebeña txapeldun Bilboko Corazones Valientes lasterketan, eta Markel Amutxastegi txapeldunorde Gipuzkoako txapelketan

Asier Orbea Ostolaza 2026ko maiatzaren 25a

Mintxeta Atletismo Taldeko kideek emaitza onak eskuratzen jarraitzen dute, oraingo honetan pistan zein errepidean jokatutako lasterketetan.

Alde batetik, atletismoko aire libreko Gipuzkoako txapelketak jokatu zituzten larunbatean Arrasateko Mojategiko pistan. 16, 18, 20 eta 23 urtez azpikoak eta Master mailatako kirolariak lehiatu ziren hiru probetan: 3 Km Martxa, jauzi hirukoitza eta 3.000 metroko lasterketak. Gainerako probak apirilaren 25ean jokatu zituzten. Mintxeta Atletismo Taldeko ordezkari Markel Amutxastegi 3.000 metroko lasterketan lehiatu zen, 23 urtez azpikoen kategorian, eta txapeldunorde izan zen elgoibartarra, 09:48.27ko denbora eginda.

Markel Amutxastegi Mintxetan.

Bestalde, Oihane Agirrebeña Iturbe La Carrera Corazones Valientes lasterketan lehiatu zen Bilbon, igandean. Antxitxikari elgoibartarra 10 kilometroko dustantzian lehiatu zern -5 km-koa ere badauka- eta azkarrena izan zen emakumezkoetan, 42 minutu eta 38 segundoko denborarekin.

Arangoya ikastetxeak antolatzen du lasterketa solidario La Carrera Corazones Valientes izenekoa, eta bildutako dirua La Cuadri del Hospi elkarteari emango diote. Elkarte hori erreferentea da Bizkaian, haur eta gazteen minbizia humanizatzen eta ikertzen egindako lanagatik. Batzen duten dirua POZIKIDS proiektura bideratuko dute berariaz, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalearekin eta BioBizkaiarekin batera garatutako ekimen aitzindaria. Programa honen helburua da pazienteen bizi-kalitatea hobetzea, tratamendu onkologikoaren funtsezko zati gisa ariketa fisiko pertsonalizatua eskainiz, eta profesional sanitarioek gainbegiratutako saioak dohainik emanez.

Oihane Agirrebeña 'La Carrera Corazones Valientes' lasterketan, Bilbon.