Udaletik azpimarratu dutenez, argiztapen berriak alde zaharreko segurtasuna, ikusgarritasuna eta erosotasuna "nabarmen" hobetuko ditu. 43 argi-puntutan egingo dute esku-hartzea San Frantzisko, Errosario eta San Bartolome kaleetan; eta, Kalegoen Plazan. "Argiztapen berriak uniformetasun handiagoa eta argiaren banaketa hobea ahalbidetuko du, itzal-guneak ezabatuz eta kaleetan eta plazetan ikusgarritasuna nabarmen handituz", azaldu dute. Horretarako, argi epela erabiliko dute (3000K), "alde zaharraren izaerari eta indarrean dagoen araudiari egokitua". Kalegoen Plazan ahalegin berezia egingo dute argiteriaren bitartez eliza ingurunea nabarmentzeko.
Sistema berri honekin energia-kontsumoa %14 inguru murriztuko dela kalkulatu dute udal arduradunek.
