Parte-hartze errekorra Trinitate jaietako nagusien danborradan

Asier Orbea Ostolaza 2026ko maiatzaren 26a

200dik gora lagun irtengo dira zapatuan nagusien danborradan. Elgoibarko Udal Musika Bandarekin beharrean, Eibarko Latuna Bando txarangarekin irtengo direla izango da aurtengo berrikuntza nagusia.

Trinitate jaietako nagusien danborrada antolatzen duen Atabal elkartetik jakitera eman dutenez, inoiz baino lagun gehiagok osatuko dute aurtengo danborrada, besteak beste, honakoek: 81 barril jotzaile, 50 danbor-jole, 25 musikari (Latuna Bando txaranga), 13 gastadore, 9 sukaldari, 7 kantinera, 6 artilero, 4 bandera eroale eta 2 miquelete. Urtero moduan, Legazpiko erraldoi eramaleek ere hartuko dute parte danborradan, Elgoibarko erraldoi historikoak eramanez (Asensio Altzola eta Katalina Ibarra). Dagoeneko jantzi dituzte danborradarako jantziekin.

Latuna Bando txarangarekin

Aurten egongo diren aldaketen eta berrikuntzen berri ere aurreratu dute antolatzaileek. Orain arte Elgoibarko Udal Musika Bandarekin batera aritu diren arren, aurten Latuna Bando txarangak (goiko irudian) joko ditu danborradako pieza ezagunak. Elgoibar, Eibar Soraluze eta inguruetako musikariez osatutako taldea da Latuna. "Udal musika bandarekin desadostasunak eduki ditugu urtero, eta bandako kideen gehiengoak ez du nahi danborradan parte hartu. Horiek izan dira aldaketaren arrazoiak", azaldu dute Atabal elkarteko arduradunek. Gaineratu dutenez, Banda ordezkatzeko Mauxitxa txarangarengana jo zuten lehenik, baina haiek ezin zutela-eta Latuna Bandokoei egin zieten proposamena eta haiekin batera arituko dira zapatu gauean hasi eta domeka goizaldean bukatuko duten danborradan. 

Ibilbidea

Kalebarren plazatik abiatuko da danborrada 23:00etan, Tatiago pasodoblearen doinupean. 23:10ean danborardaren aurkezpena egingo dute Kalegoen plazan, eta gauerdira arte arituko dira plazan, kanpaikadak jo eta bandera altxatu artean. Plazan hainbat pieza joko dituzte: Artillero, Donostiako Martxa, Pantxika, Ikusi Mendizaleak, Viejas, Debako Martxa, Ixil-ixilik, Iryarena, Atake De Herriko Semes, Retreta eta Beti Elgoibar. Gero, Diana jo ostean, kalean behera abiatuko dira, San Bartolome eta San Frantzisko kaleetatik kalejiran, Maalara iritsi arte. Maalako parkean 030etik 01:30ak arte egongo dira, eta arkumea banatuz emango diote amaiera jaiari.
Euria egingo balu, Maalako estalpean egingo lukete ekitaldi osoa. Erabaki hori zapatuan hartuko dute, 20:00etan, elkarrekin egiten duten afariaren hasieran. 

Entsegu orokorra asteazkenean

Entseguetarako ere leku berria estreinatu behar izan dute aurten, Merkatu plazako azken solairuan egiten baitzituzten orain arte, baina itxita dago eraitsi behar dutela-eta. Institutuko jolaslekuan egin dituzte aurten danborradarako entseguak, maiatzaren 18tik hona. Asteazken honetan entsegu orokorra ere egingo dute kalean, txarangako kideekin batera.

Kartel lehiaketako irabazlea

2026ko Nagusien Danborrada iragartzeko kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu zuen Elgoibarko Atabal elkarteak 18 urtez gorakoentzat, eta dagoeneko badu irabazlea. Antolatzaileek Alba Rey Migales elgoibartarrak aurkeztutako lanari eman diote lehen saria. Emi Nogales margolariakk, Andrea Arriola kultura zinegotziak eta Gemma Agirregomezkortak osatu dute lehiaketako epaimahaia, eta lehiakertara aurkeztutako hamabi lanen artean onen aukeratzea lan zaila egin zaiela adierazi dute. Irabazleak 300 euroko saria eskuratu du. Danborrada hasi aurrean jasoko du saria, plazan. (aurreko urteetako irabazleak)

Alba Rey Migalesek eginiko kartel irabazlea, eta eskuinean epaimahaiko kideak. Atabal.