Elhuyar Zientzia Azokak eta Asturiasko Zientzia eta Berrikuntza Azokak (FICYT) lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, bi azoketan sarituak izan diren gazteek elkartrukean parte har dezaten. Hitzarmen horri esker, bi ikasle taldek beste lurraldeko zientzia-azokan parte hartzeko aukera dute, haien proiektuak aurkezteko eta beste gazteen lanak ezagutzeko.
Hitzarmen horren baitan, Elgoibarko eta Laudioko Bizilabeko gazteak izan dira Elhuyar Zientzia Azokako ordezkariak Asturiaseko azokan. Elgoibarko Bizilabetik, Othman Achahboun Akoudad eta Andoni Pato Sierra ikasle elgoibartarrak izan dira Asturiasko azokan, 2025eko Elhuyar Zientzia Azokan DBHko 1. eta 2. mailako hirugarren saria irabazi baitzuten. Saioa Aranburu izan da garatu duten proiektuaren tutorea. Aplikazio bat diseinatu dute, erabiltzaileei larruazalean detektatutako akainak identifikatzeko, eta Lyme gaitzaren arriskuez ohartarazteko.
Bizilabeko arduradunek azaldu dutenez, azokan izan diren ikasleek aukera izan dute, batetik, beren lanak erakusteko eta beste proiektu batzuk ezagutzeko; eta bestetik, zientziarekiko grina duten beste ikasle batzuk ezagutzeko. "Egun aberasgarriak izan dira, bai ikuspegi zientifikotik, bai pertsonaletik. Zorionak egindako lan bikainagatik eta Elhuyar Zientzia Azokan jasotako sariagatik!", adierazi dute.
Bizilabe
Elhuyarrek sortutako Bizilabe proiektuaren helburua da gazteen artean zientziarekin eta teknologiarekin lotutako esperientziak sustatzea, talentu zientifiko eta teknologikoa garatzeko, betiere komunitateak parte hartuta.
Izena emateko epea, zabalik
Elgoibarko Udalak Robotika eta Bizilabe programetan izena emateko epea zabaldu du. Bi programak 2026ko urritik 2027ko maiatzera egingo dituzte, eta, funtsean, helburu izango dute zientzia alorreko jakin-mina elikatzea, ikaskuntza sustatzea eta sormenari tartea ematea. LH1 eta LH4 arteko ikasleei Robotika programa eskaintzen diete, eta ikasturtean zehar robotak, bideo-jokoak eta bestelako asmakizun teknologikoak sortu eta programatzeko aukera izango dute, Lego Wedo, Mindstorms, Makeblock, Arduino, Scratch, Unity eta Tinkercad tresna didaktiko eta teknologikoak erabilita. Saioak astearteetan edo ostiraletan izango dira, 17:30etik 18:30era, IMHn.
LH5 eta DBH4 arteko umeentzat, berriz, Bizilabe programa prestatu dute Udalak eta Elhuyarrek, elkarlanean, eta esperimentuak eta talde-lanean oinarritutako proposamenak garatuko dituzte bertan, profesionalek gidatuta. Esperientzia osatzeko, eskualdeko enpresak eta ikerketa-zentroak bisitatuko dituzte eta sektoreko emakume profesionalekin harreman zuzena izango dute. Saioak IMHn izango dira, asteazkenetan eta ostegunetan.
Izena emateko epea ekainaren 19ra arte egongo da zabalik, eta hilaren 22tik aurrera, berriz, libre geratutako plazak bete ahalko dira. Robotikarako, doplay. es/robotika-dibertigarria/ helbidean eman behar da izena; eta
Bizilaberako, form.jotform.com/261031477375356 helbidean. Zalantzak argitzeko, 943 741 050era deitu daiteke.