Elgoibar Ikastolako sortzaile eta sustatzaileetako bat izan zen Felix Etxeberria Parapan, euskaltzalea eta Ikastolaren proiektuarekiko erabat konprometitutako pertsona. Haren ondarearen zati bat Elgoibar Ikastolari laga zion dohaintzan, eta txukundu eta inauguratu egin dute. Ikastolako ordezkariek adierazitakoaren arabera, lursail hura utzi izanak aukera paregabea eskaini die etorkizunera begirako espazio berezi bat eraikitzen hasteko.
Goizeko lehen orduan elkartu ziren ikastolako kideak, eta oinez egin zuten lursailerainoko bidea. Ondoren, inaugurazio-ekitaldiari ekin zioten. Etxeberriaren etxekoek ere hartu zuten parte ekitaldian; tartean, Arantza alabak. Bertan izan ziren hitzak eta bertsoak, besteak beste, eta oroigarri moduan jarritako plaka bera bistaratu zuten. Ekitaldiaren baitan, zuhaitz bat landatu zuten, etorkizunarekiko konpromisoaren, sustraien eta komunitatearen sinbolo gisa: "Keinu xume baina esanguratsua izan zen, lursailari eman nahi diogun bizitasunaren eta jarraipenaren adierazle". Ikastolako arduradunek adierazi dute une hunkigarriak bizi izan zituztela, komunitatearen eta belaunaldien arteko loturaren adierazgarri: "Eguraldi bikainak eta giro apartak lagunduta, goiz ederra partekatzeko aukera izan genuen naturan, emozioz eta esanahiz betetako ekitaldi batean".
Muskirutzuko lursaila etorkizunean ere bizirik mantentzeko eta hezkuntza, natura eta komunitatea uztartuko dituen espazio bihurtzeko asmoarekin dihardu Ikastolak, eta zapatukoa lehen urratsa izan zela adierazi dute: "Lehen urrats hau, zalantzarik gabe, berezia eta esanguratsua izan da". Eskerrak eman dizkiete ekitaldira bertaratu zirenei eta ekimena posible egin duten guztiei.
'50 tontor'
Inaugurazio-ekitaldiaren ondoren, mendi buelta txiki bat egin zuten han inguruan. Sargoate aldetik Irukurtzetarako bidea hartu zuten, Kilometroak jaiaren barruan antolatu dute 50 tontor egitasmoaren barruan. Izan ere, aurten, Kilometroak jaiaren 50. edizioa ospatuko dute, Lazkaon, eta urteurrena ospatzeko ekintzen barruan prestatu dute ekimena, Gipuzkoako ikastolen komunitatea eta sustraiak naturarekin lotzeko.
