Jose Reyesek irabazi du maila eta partaidetza handia eduki duen kaleko margo lehiaketa

Asier Orbea Ostolaza 2026ko maiatzaren 30a

Aurten ere herritarren arreta bereganatu du Egur Arte Tailerrak trinitateetan antolatzen duen aire libreko marrazki lehiaketak.

Margolariek herriko hainbat txoko irudikatu dituzte euren artelanetan, herritarrak adi-adi zituztela, txundituta ere bai asko artisten gaitasunarekin. Egur tailerreko arduradunek azaldu dutenez, bereziki zaila egin zaie aurten margolan irabazlea aukeratzea, lanen kalitateagatik eta partaidetza ere aurreko urteean baino handiagoa izan delako. Hogei lagunek hartu dute parte lehiaketaren 12. ekitaldi honetan. 

Margolari bizkaitarrak nagusi

Leioako Jose Reyes Ramosek irabazi du lehen saria (800 euro). Hain justu, margolari bizkaitarrak duela bi urte ere lortu zuen garaipena Elgoibarren, 2024an jokatutako lehiaketan. Santa Ana kalea eta San Roke kalea lotzen dituen etxepeko tunela aukeratu du margolanera eramateko. Argi-ilunen eta itzalen teknika menperatzeko duen gaitasuna erakusteko balio izan dio erabakiak, eta epaimahaikideen gustukoa izan da emaitza.

Bigarren saria iazko irabazleak jaso du, Astrabuduako Jose Miguel Arranzek. Eta, aurreko biak moduan, hirugarren saria ere Bizkaiko, -eta zehatzago Bilbo inguruko- margolari batek eskuratu du, hain justu ere Ugao-Miraballeseko Iker Mugarra San Martinek. Herriko Saria Alvaro Espigak eskuratu du.

Saritutako lana eta lehiaketan parte hartu duten laguna. Mikel Askasibar.

Artea denona eta denontzako dela aldarrikatu dute Egur taldekoek eta eskerrak eman dizkiete parte hartzaileei zein lehiaketa jarraitu duten herritarrei. "Mila esker parte hartu duzuen artista guztioi gure herria kolorez eta bizitzaz janzteagatik, eta eskerrik asko hurbildu zareten herritarreoi ere, eduki dugun giro berezi hau sortzen laguntzeagatik".

Lehiaketa, irudietan (Arg: BARRENA eta Mikel Askasibar/Elgoibarko Udala)