Pilota plazara aterata amaitu du denboraldia Lagunak Pilota Eskolak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 1a

Lagunak Pilota Eskolak denboraldiari amaiera emateko antolatzen du Pilota Eguna, eta aurtengoan 50 bat taldekidek hartu dute parte. Pilotari gaztetxoak Kalegoen plazako frontoi zaharrean aritu ziren pilotan barikuan.

Pilotarien harrobia jokoan ikusteko aukera izan zuten plazara gerturatutakoek, eta pilotariek eurek jendaurrean aritzeko aukera izan zuten. Buruz Buruko Pilota Txapelketaren finala jokatu berri duten Dariok eta Artolak ere halatsu hasiko zuten euren ibilbidea. Partidak jokatu ostean, guztiek jaso zuten oroigarria, eta horrez gainera Baltasar elkartekoek prestatutako txorizo egosia ere banatu zuten plazan, pilotarientzat eta haien senideentzat.

Lagunak Pilota Eskolakoek euren babesle diren Udalari, Haizelur enpresari eta Baltasar elkarteari aitortza ere egin zieten sari banaketa ekitaldian. Gipuzkoako Pilota Federazioak liburu bat argitaratu du federazioaren 100. urteurreneko ospakizunen harira, eta Elgoibarko pilotariek eta Lagunak eskolak ere badute lekua liburuko orrialdeetan. Babesleei liburuaren ale bana oparituko zieten.