Idazle berrien lanari laguntza emango diote Gotzon Garate bekaren bosgarren deialdian

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 2a

Gotzon Garate bekaren beste deialdi bat zabaldu dute, hain justu bosgarrengoa. Aurtengo beka deialdiaren helburu nagusia izango da euskarazko literatura sorkuntza sustatzea eta idazle berrien lanari laguntza ematea. Sustatzaileek xehetasunen berri emateko agerraldia egin zuten atzo.

Elgoibarko Udalak Gotzon Garate Bekaren V. deialdia egin du, Danobat kooperatiba elkartearen eta Elkar argitaletxearen laguntzarekin. Horretarako, hitzarmena sinatu zuten hiru entitateetako ordezkariek, atzo, Elgoibarko udaletxean. Udalak ekitaldia aprobetxatu zuen eskerrak emateko, alde batetik, Danobati 6.000 euro emateagatik beka honen koordinazio lanak eta mentoretza ordaintzeko eta beka irabazleari emango zaion oroigarrirako; eta, bestetik, Elkar argitaletxeari saridun gertatzen den eleberria argitaratzeko adierazi duen prestutasunagatik.

Era berean, Udalak eskertu nahi du epaimahaikide izango diren hiru idazleek hartu duten konpromisoa lan hori egiteko. Epaimahaia Uxue Alberdi, Danele Sarriugarte eta Mikel Ayllon idazleek osatuko dute. Eta bukatzeko, Udalak eskerrak eman zizkion Jasone Osoro berari ere beka honen gaia proposatzegatik eta koordinazio lanak egiteko ardura hartzeagatik, baita mentoretza literarioa egiteko prest izateagatik ere.

Egile berrientzat

Bekaren bosgarren deialdi honetara eleberriak idazteko proiektuak aurkeztu ahal izango dira, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, zatika edo osorik inon argitaratu gabeak, sarituak izan ez direnak eta beste inondik moldatu gabeak.

Deialdian hala nahi duten norbanako guztiek parte hartu ahal izango dute, eta eskatzaile bakoitzak nahi adina proiektu aurkeztu ahal izango ditu, ezinbestean, euskaraz. Hala ere, kontuan izan behar da beka egile berrientzat dela eta, horrexegatik, ezin izango dela libururik argitaratuta eduki edo, gehienez, liburu bat argitaratuta eduki ahal izango dela eskaerak aurkezteko epea bukatu arte, hau da, 2026ko uztailaren 30era arte.

8.000 euro

Bekaren xede den eleberria egiteko epea, gehienez ere, 12 hilabetekoa izango da, eta zenbatekoa, berriz, 8.000 eurokoa. Bekaren lana euskaraz egingo da, eta originala eta argitaratu gabea izan beharko da. Lana Udalaren ardurapean burutuko da, Jasone Osoro idazlearen mentoretza literarioarekin. 

Oinarriak eskura daude www.elgoibar.eus webgunean, eta eskabideak eta gainerako agiriak Elgoibarko Udalaren Herritarrentzako Arreta Bulegoan (Santa Ana 2, 20870 Elgoibar) edo modu telematikoan aurkeztu ahal izango dira www.elgoibar.eus webgunean, “Gotzon Garate Bekaren V. deialdia” erreferentzia jarrita. Bekarako proposamenak aurkezteko epea 2026ko uztailaren 30ean bukatuko da.

Aurreko deialdiak

Beka horren lehenengo deialdian, 2009an, ikerketa gaia “Elgoibarko Toponimia” izan zen. Bigarren deialdian, 2014an, bekaren helburua “Elgoibarko euskarazko ondarea gizarteratzeko egitasmoak edota euskarriak proposatzea” izan zen, eta horren emaitza izan zen www.elgoibarreraz.eus ataria.
Hirugarren deialdiko gaia, Gotzon Garateren oroimenez, Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak, elkarlanean antolaturiko “Euskara ala Ezkara” zikloek emandakoa jaso eta gizarteratzea izan zen, eta horren emaitza izan zen www.euskaraalaezkara.eus ataria. 2022koa Gotzon Garate bekaren laugarren deialdia izan zen eta ikerketa esparrua ondorengoa izan zen: “Hizkuntza aniztasuna Elgoibarren: jatorri atzerritarreko bizilagunak eta euskara”.