Udaletik jakinarazi dutenez, ekainaren 10ean itxiko dute Mintxetako muskulazio gela, eta ekainaren 15etik aurrera, IMHko kiroldegiko kantxan erabili ahal izango dituzte abonatuek kardio makinak eta indarra egiteko poleak.
Kantxa egurrezkoa denez, bertan ezingo da pisu librearekin entrenatu zorua puskatzeko arriskua dagoelako, baina IMH kiroldegian bertan dagoen areto txiki batean hainbat mankuerna, banku, barra eta disko jarriko dira oinarrizko ekipamendu gisa.
Mintxetako gimnasioaren berritze eta handitze lanak abuztuaren bukaerara arte iraungo dutela aurreikusten da, eta okerrik ezean, Udaleko arduradunek aurreikusi dute irailerako zabalduko dutela berriro Mintxetako muskulazio gela.
Elecnor enpresa izan da obra gauzatzeko aukeratua 186.073,41 euroko proiektuarekin (BEZ gabe). Obra honen aurrekontua finantzatzeko 125.000 euro jarri ditu Danobatgroup taldeak, eta Udaleko arduradunek eskerrak eman dizkiote, udalerriaren garapenarekiko inplikazioaren alde erakutsi duen jarreragatik. Ondo bidean, ekainaren 22an hasiko dituzte lanak.
Gimnasioa handitzeko proiektuak egungo gimnasioa birgaitzea eta handitzea planteatzen du. Egungo gimnasioak 268 metro koadroko azalera du, harmailen azpian eraikitako espazioak dituen hamasei horma-arteetatik sei hartzen ditu eta bi eremutan banatuta dago: makinentzako gunea (174 m2) eta kardio gunea (94 m2).
Eraiki asmo dituzten espazio berriak sarreratik ezkerrera dauden guneetatik irabaziko dituzte, egun aerobic-gela dagoen gela (106m2) eta beste hiru espazio txiki -biltegirako eta mantentze-tailerrerako- birgaituta. Guztira, zabaltze-eremuak 166 metro koadriko azalera du. Proiektuan jasota dagoenez, esku-hartzearen oinarria da ahal den neurrian egungo gimnasioari dagokion eremuko instalazioak mantentzea eta gehitutako azalera handitzea, akaberak modernizatzeko zein berritzeko aprobetxatuz.