Urruzunoko elkartearen 30. urteurrena ospatu dute

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko ekainaren 3a

Urruzunoko elkarteak 30 urte bete ditu, eta domekan egin zuten ospakizuna. Auzoko jaiak ekainaren 13an ospatuko dituzte, eta hilaren 20rako Urruzuno Trail lasterketa antolatu dute. 

Urruzuno auzoko elkarteak 30 urte bete ditu aurten, eta joan zen domekan egin zuten ospakizuna, elkartean bertan. Mokadutxoa prestatu zuten auzotarrek, eta han bildu ziren hainbat herritar, urteurrena ospatzeko. Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete bertaratu zirenei. 

Jaiak, ekainaren 13an 

Auzoko jaiak, bestalde, ekainaren 13an ospatuko dituzte, eta egun horretarako ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Ane San Martin margolariak pintura tailerra eskainiko du goizean, eta ondoren, meza egingo dute elkartearen aurrean. Mokadutxoa eskainiko dute meza ondorenean, eta 15:00etan bazkaria egingo dute. Arratsaldean haurrentzako jolasak eta DJ Imanolen saioa izango dira, eta otarraren zozketarekin amaituko dute eguna, iluntzean. 

Aurtengo ekitaldiak izango du beste berrikuntza bat ere, izan ere, CATT Morkaiko taldeak antolatuta, Urruzuno Trail lasterketa egingo baitute, ekainaren 20an. 17:00etan izango da proba, eta parte hartzaileek Albitzuriko aparkalekutik igo beharko dute, Urruzunora.