204.000 euroko dirulaguntza emango dio Udalak Elgoibarko Izarrari 2026an

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko ekainaren 3a

Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak 2026rako lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur arratsaldean, eta horri esker, 204.000 euro jasoko ditu euskara elkarteak. 

Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak eta Amaia Sastre Elgoibarko Izarrako presidenteak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Sinadura-ekitaldian izan dira baita ere Aitor Iriondo, Euskara eta Gazteria eta Hezkuntza arloetako zinegotzi arduraduna; eta Amaia Lasagabaster, Elgoibarko Izarrako kudeatzailea. 

Lankidetza-hitzarmen horri esker, 204.000 euroko dirulaguntza jasoko du euskara elkarteak, 2026an zehar euskararen erabilera sustatzeko ekintzak eta haurrentzako aisia hezitzaileko egitasmoa finantzatzeko. Aurreko urteetan bezala, dirulaguntza hori bi udal sailetatik bideratuko da. Horrela, Udalaren Euskara Sailetik 130.000 euro jasoko ditu Elgoibarko Izarrak eta Udalaren Gazteria eta Hezkuntza Sailetik, berriz, 74.000 euro.

Aipatzeko ekimen batzuk

Euskara Sailari dagokionez, BARRENA komunikazioak 67.500 euroko laguntza jasoko du; Berbazulo saioetarako eta Tertuliak ekimenerako 23.000 euro emango ditu; eta euskararekiko motibazioa zein erabilera sustatzeko, bestalde, 39.500 euro –familia-transmisioko ekintzetarako, nerabeek euskara batzordeetarako, arlo sozioekonomikoan eragiteko, Batera Elgoibar ekimenerako, Euskaraldirako eta Eguberrietako Bertso Jaialdirako–. 

Gazteria eta Hezkuntza Sailari dagokionez, berriz, oporraldietarako –udaberria, uda, negua– 40.000 euroko laguntza jasoko du elkarteak, Saretzen Familia programarako 18.700 euro, kaleko ekintzetarako 14.800 euro eta formaziorako 500 euro. 

Eskerrak Udalari 

Hitzarmena sinatu ondoren, euskara elkarteak eskerrak eman dizkio Udalari. Izan ere, Elgoibarko Izarraren ustez, "ezinbestekoa da administrazioaren eta herri ekimenaren arteko elkarlana, haurrentzako aisia hezitzaileko eskaintza osatu eta euskara eta euskal kultura gure herrian sustatu nahi baditugu".