Lehorrekoa da Ander Zabala, baina zainetan darama itsasoa ume-umetatik. 24 urtera arte makina-erremintaren sektorean aritu bazen ere, aire zabalean lan egin nahi zuela erabaki zuen. Ordutik hona, itsasoa du afizio eta ofizio. Titulu ofizialetarako eskolak ematen ditu, eta ahal duen guztietan nabigatzera irteten da. Azken abenturan Atlantikoa zeharkatu du, pantalankide dituen Joseba Altuna eta Ramon Zorrakiain nafarrekin.
Atlantikoa zeharkatu duzu belaontzian; nola abiatu zenuen abentura hura?
Abentura hau, berez, nire pantalankideena izan da. Zumaian daukat belaontzia, eta ababorrean eta istriborrean bi nafar ditut: Joseba Altuna eta Ramon Zorrakiain. Bururatu zitzaien ehun egunean 10.000 milia egitea: Zumaiatik irten, Karibera joan eta berriz Zumaiara itzuli. Aspaldiko lagunak gara, eta ni ere gonbidatu ninduten, baina lan-kontuengatik ezin izan nuen abentura osoa egin. Ni apirilaren 14an joan nintzen, hegazkinez, Karibera, Guadalupeko irlara. Gau bat han bertan egin genuen lo, eta hiru egunez ibili ginen hango irletan. Antiguan eta Barbudan izan ginen, eta apirilaren 18an irten ginen Karibetik, Azoreetara.
Zenbat egunez egon zineten lurra zapaldu gabe?
23 bat egunean iritsi ginen Hortara, Azoreetara. Lurrik ez zapaltzea gustatzen zaigu gehien guri! Hiru gau egin genituen han, eta aprobetxatu genuen hozkailua betetzeko eta belaontzian konponketatxoak egiteko, eta handik hartu genuen Galizia alderako bidea. Domekan iritsi ginen Zumaiara, uste genuena baino beranduago, azken etapan belaontziaren helizearekin arazotxo bat izan genuelako.
23 egunez, hiru lagun belaontzian, lurrik zapaldu gabe; nola kalkulatu duzue jateko kopurua?
Justuan ibili gara, egia esan. Belaontziak toki mugatua dauka, eta, Karibetik ondo beteta abantatu baginen ere, gauza asko bukatu egin zitzaizkigun. Azoreetara iristeko oraindik hamar bat egunen faltan, barazki eta fruta freskoa agortu egin zitzaigun. Poteko janaria bakarrik geneukan. Eskerrak arrantzan abilak garen! Hegaluzearen familiako 45 kiloko arrain bat arrantzatu genuen, eta horri esker ondo moldatu ginen.
100 egunean, 10.000 milia; lortu al duzue helburua?
Bai! 98 egun izan dira guztira. Sekulako abentura izan da! Belaontzian ibiltzen garenontzat Atlantikoa zeharkatzea izan ohi da ametsa, eta nik Azoreak ere bisitatu nahi nituen. Beraz, Atlantikoa zeharkatu eta Azoreetara iritsi; bi amets batean bete ditut. Nire pasioa bela izan da ume-umetatik.
Dena espero bezala joan da ala izan duzue ezustekorik?
Ez dugu ezustekorik izan, baina, eguraldiaren ondorioz, tarteka atzera ere egin behar izan dugu, eta astebete gehiago behar izan genuen Azoreetara iristeko. Horregatik bukatu zitzaigun jatekoa uste baino lehenago. Pare bat ekaitz gogor eta zenbait egunetan olatu handiak ere izan ditugu, baina 23 egunetatik bost bakarrik izan dira eguraldi txarrekoak. Ezin gara kexatu.
Zenbat ordu ematen zenituzten eguraldi-iragarpenari begira?
Denbora pila bat! Gustatu egiten zait gai hori, gainera, baina nabigatzeko ezinbestekoa da. Ikusten bagenuen gure bidean borraskaren bat zegoela edo haizea noranzkoz aldatuko zela, noranzkoa aldatzen genuen guk. Oso garrantzitsua da hori.
Hiru lehorreko gizon, itsasoan; ederra abentura!
Bai. Joseba eta Ramon nafarrak dira, eta ni, Elgoibarkoa, baserrikoa. Zumaian ezagutu genuen elkar. Nire aitaren akademian atera zuten haiek titulua, eta portuan elkarren ondoan ditugu ontziak. Esnatzeaz bat ikusten ditudan lehenengo pertsonak dira. Oso ondo konpontzen gara.
Nondik datorkizu itsasoarekiko zaletasuna?
Aita lekeitiarra dut, kapitaina izan zen, eta etxean beti izan dugu txaluparen bat. Umetatik ibilia naiz ni itsasoan, eta oporretan amamaren etxean ere asko egoten nintzen, Lekeition. Gogoratzen dut galerna egunetan nola ikusten nuen belaontzi bat itsasoratzen! Beti amestu izan dut itsasoarekin, eta, bereziki, belaontziarekin. Elgoibartarra izanda, 24 urtera arte makina-erremintaren sektorean aritu nintzen, baina leku itxietan lan egitea ez zitzaidan gustatzen. Atera nituen beharrezko tituluak, eta itsasoan hasi nintzen lanean. Askotariko lanak egin ditut, baina duela urte batzuk itsasoa lagatzea erabaki nuen. Orain, akademia daukat Elgoibarren, eta eskolak ematen ditut. Jende asko etortzen da inguruko herrietatik titulua ateratzera, eta, tarteka, nire ikasleak nabigatzen ikusten ditut; horrek poz handia ematen dit.
Zabalak instagramen duen kontuan egin du bidaiaren kontakizuna.
