LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deituta ari dira mobilizazioak egiten. Azaldu dutenez, Gipuzkoan sei eskualdeetan dauden Eskualdeko Nekazaritza Bulegoak (ENB), eta horiek dauden herrietara ari dira mobilizazioak eramaten Aldundiko behargin publikoak: administrari, teknikari, basozain, e.a. Gaur Elgoibarren atera dituzte kalera haien aldarrikapenak, aurrez beste eskualdeetan eta herrietan egin duten gisan. Azpeitira eta Zarautzera joatea falta zaie.
Mobilizazio hauen arrazoi nagusia "aspalditik hasitako ezkutuko pribatizazio" prozesu bat dela salatu dute manifestariek. Gogora ekarri dute lurraldeko landa eremuaren, mendien eta naturaren kudeaketa Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumena dela, alegia, herritarroi zein baserritarrei eman beharreko zerbitzu publikoa dela. Alabaina, haien ustez, urtetik urtera ahultzen ari da Lurralde Oreka Berdeko Departamenduak eman beharreko zerbitzua. Aldundiak lehen sektorea, landa-eremuak eta natura-ingurunea kudeatzeko eta sustatzeko duen departamentu edo sail instituzionala da Lurralde Oreka Berdeko Departamendua. Honela arrazoitu dute: "Alde batetik, langileen funtzioek eta betebeharrek gora egin duten bitartean, langile publikoen kopuruak behera egin du, eta ez da kasualitatea izan, kausalitatea baizik. Izan ere, administrazio publikoaren egitura desegin duten neurrian, inguruan fundazio eta antzeko erakunde sasi-publikoak sortu dituzte; hala nola, Basotik edo Etorlur, batzuk aipatzearren, horien bitartez egun administrazio paralelo bat egituratzeraino. Aspaldi hasitako ezkutuko pribatizazioa orain agerian eta denon aurrean ari da geratzen, zerbitzu publikoaren eta herritarren interesen kaltetan".
Aurreko salaketarekin lotuta, azaldu dutenez, departamenduko barne finantzazioak "etengabe" behera egin duen bitartean, sortu dituzten fundazio eta kanpoko enpresentzako diru partidak gero eta handiagoak dira. "Pribatizazio bidean ez dago estrategia hoberik ordezkatu nahi duzuna ahultzea eta kaos batera eramatea baino", adierazi dute, eta honela sakondu dute ideia: Xabier Arruti diputatuak zuzentzen duen departamenduak "bere medio propioekin eta funtzionario publikoez osatutako lantalde sendo, eraginkor eta ondo koordinatutakoaren bidez, herritarrentzat zuzeneko kudeaketa sendotu beharrean, okerreko erabakiak hartuta, politikoki erraz kontrolatuko duen administrazio paralelo bat sortzen ari da".
