Joan den maiatzaren 16an egin zuten Elgoibarko ermitak ezagutzeko lehen mendi ibilaldia. Orduko hartan, ekialdean geratzen diren ermitak bisitatu zituzten: Azkueko San Bizente-San Roke ermita, San Lorentzo baseliza eta Maalakoa, Urruzunotik eta Arriagatik igaro ostean.
Bigarren saio honetan ere Pello Arrieta, Javier Elorza eta Inma Mugertza izango dira irteeretako gidariak, eta ibilaldiak dibulgazio historikoa, erlijiosoa, artistikoa eta geologikoa uztartuko ditu. Arrietak eta Elorzak herriko ermitei, erlijioari eta ondareari lotutako hainbat gairen inguruko azalpenak emango dituzte bidean, besteak beste, Arrietaren berbetan, gizartearen kohesioan ermitek izan duten garrantzia agerian jartzeko. Era berean, Mugertzak natura-inguruneari buruzko zertzeladak emango ditu, inguruko paisaia balioan jartzeko.
Ekainaren 6ko irteerako ibilbidea:
Parte-hartzaileak San Bartolome parrokiako arkupe aurrean elkartuko dira, 08:00etan. Nahi duen orok har dezake parte, irteera ordurako agertuta.
Bigarren irteera honetan, Deba ibaiaren ezkerraldean dauden ermitak bisitatuko dituzte. Txankakoa zubian egingo dute lehen geldialdia, jada desagertua dauden Santa Klara komentu zaharrari (1553-1976) eta Salbatore ermitari (1557-1953) buruz berba egiteko. Jausoro dorretxeko arkuaren babespean dagoen Ecce Homo edo Salbatzailearen irudia ere izango dute hizpide.
Hurrengo geldialdia Aiastia auzoko ermitan egingo dute. Zirarda eta Aiastia bailaratxoen baserritarrak elkartu zirenean Berdezkunde gurutzeko Done Mikel (San Migel) goiaingerua ermita eraikitzeko, Aiastia (San Migel) nekazaritza-auzoa ere sortu zuten aldi berean, 1845ean. Aiastiako baselizatik Iruiturrirantz joko dute, han inguruan dagoen Kanpaizulo tumulura arte, haren historia ezagutzeko.
Handik, Santumotzetik igaro ostean, San Pedro baselizaraino jaitsiko dira. Badago Vatikanoko artxibategian 1442ko agiri bat (Eugenio IV. Aita Sainduaren bulda) ermita honekin lotura zuzena duena.
Herrigunera Morutik behera ailegatuko dira, eta Olasoko hilerriko sarreran bukatuko baita ibilaldia, Olasoko San Bartolome parrokia izan zenetik geratzen den arkitektura eta eskultura espazio bakarrean.
